Saltokiaren sarrerako atetik bertatik hasita, agerikoak dira Kooperatiban egin dituzten aldaketak. Saltokira sartu eta ordaintzeko kutxak lekuz aldatuta ikus daitezke eta haien gainean, herriaren ikuspegia erakusten duen Bittor Murguzurren erretratu eder bat. Argazkiaren harira, zuzenketa txiki bat egin behar diote, hasierako harridura ikurra oker baitago.
Aldaketekin segituz, sarrerako kutxa parean, eguneko eskaintzak iragartzeko txokoa egokitu dute. Eta kutxetan, beheko solairuko barazkiak eta frutak pisatzeko pisua.
Idazki berriak eta arrandegiko pareta
Hortik aurrera, idazki berriak jarri dituzte, elebitan, euskara nabarmenduta. Beheko solairuan, berriz, apalen itxura berritu dute eta baita arrandegiarena ere. Azken horren kasuan, besteak beste, pareta berria jarri diote, itsasontzi baten marrazkiarekin.
Kooperatibatik esandakoaren arabera, azken ukituak falta dira berrikuntza lan guztiak bukatzeko, baina handiena eginda dago.