deialdia

Herritarren argazkiak nahi dituzte 2024ko egutegirako

Ubane Madera Zangitu 2023ko uzt. 28a, 11:03

Kontrargi Argazki Kolektiboak eta Udalak argitaratzen duten herriko egutegia dela-eta, Udalak jakinarazi du, 2024ko egutegia, Kontrargiko argazkilarien argazkiekin ez ezik, herritarren argazkiekin ere osatu nahi dutela. Hala, Udalak soraluzetarrak animatu nahi ditu ekimenean parte hartzera. Argazkiak irailaren 4a baino lehen bidali behar dira, ondorengo helbidera: kontrargi@hotmail.es.

Urteak dira Kontrargi Argazki Kolektiboak eta Soraluzeko Udalak herriko egutegia kaleratzen dutela. Orain arte, herriko argazkilari zaharren argazkiekin  nahiz Kontrargiko argazkilarienekin osatu izan dute.

Aurten, berriz, “egutegia herritarragoa egiteko asmoz", Kontrargi Argazki taldeko kideen argazkiez gain, herritarren argazkiak ere txertatu nahi dituztela esan du Soraluzeko Udalak eta horretarako, dei egin die herritarrei egutegirako argazkiak bidal ditzaten.

Herrian ateratako argazkiak 

Argazkiak bidaltzeko irizpideak honakoak izango dira:

  • Soraluzeko uneren edo momenturen bati lotutako argazkia izan beharko da.
  • Soraluzeko herrian ateratako argazkia izan beharko da.
  • Argazkia horizontalean ateratakoa izan beharko da.
  • Argazkia ahalik eta kalitate onenean bidali beharko da.
  • Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi argazki bidali ahal izango ditu.
  • Argazkiarekin batera honako datuak agertu beharko dira: izen abizenak, kontakturako telefonoa eta argazkiaren titulua.

Sei argazki aukeratuko dituzte

Argazkiak irailaren 4a baino lehen bidali behar dira ondorengo helbidera: kontrargi@hotmail.es. Bidalitako argazkien artetik, sei aukeratuko dituzte Kontrargiko kideek eta Udaleko ordezkariek. Horietatik argazki bi portada eta kontraportada osatzeko erabiliko dituzte eta beste lau, berriz, hilabete bana ilustratzeko. Gainera, argazkiren bat argitaratu barik geldituko balitz, hurrengo urteetarako gordetzeko aukera aztertuko dute. 

Iraila erdialderako jakinaraziko dituzte zein argazkitzuk aukeratu dituzten eta egutegia bera Gaztañerre azoka aurretik ipiniko dute salgai, herriko saltokietan.