Astebete egin duzu lanean. Zein da Soraluzeri buruzko zure lehen inpresioa?
Jendea jatorra dela dirudi. Oihanekin nabil batera lanean eta horri esker, askoz ere errazagoa egiten ari zait, jende asko ezagutzen du Oihanek nahiz eta hemengoa ez izan, eta, lanean hasteko oso lagungarri izaten ari da, andereño oso ona.
Hemendik zerk eman dizu arreta, batik bat?
Herria zelan eginda dagoen. Scalextric bat dirudi. Hasiera batean kokatzea pixka bat kostatu zait, baina gutxika-gutxika herrira egiten ari naiz.
Zer pentsatu zaizu orain arteko lana?
Eguneroko gauza arruntak gertatzen dira hemen. Nik gustuko dut bizilagunei laguntzea eta ahal badut arazoak ekiditen laguntzea.
Zergatik zara udaltzain?
Jendearekin harremana duten lanak egitea dut gustuko. Lehenago gimnasio batean egiten nuen lan, begirale modura zein arduradun modura. Beti egon naiz jendearekin harremanetan eta jendeari modu batera edo bestera laguntzen. Hau beste pauso bat da. Interino moduan nago.
Udaltzain geratuko zara edo Ertzain nahiko zenuke?
Hobe udaltzain.
Soraluzen, irailera arte egongo zara; gero?
Zerrenda batean nago oso goian. Gainditu duten 1.000 lagunetatik 11. nago zerrenda horretan, orduan, irailean, ez banaiz hemen geratzen beste lekuren batera joango naizela pentsatzen dut.
Non gustatuko litzaizuke?
Bilbon edo Durangon. Ez naiz Durangokoa, beraz, ez litzaidake inportako bizitokian lan egiteak.
Beste zerbait nahi baduzu esan…
Nahiko pozik nagoela hemen, bertako udaltzainak oso profesionalak direla eta lan-talde oso ona tokatu zaidala; Oihane eta Errasti beti daude laguntzeko prest eta Eulogiorekin harremana ere oso ona da. Beraz, oso erraza egin zait hemen lanean hastea.