Txabi Labaienek musika kontzertu (Gaztelupe, Musika Eskola, Udala...) eta bestelako kultur emanaldi askotako soinu teknikari lanak egin zituen herrian (Gaztañerre, Gabonak...), azkena, duela hilabete, Umeen Euskal Jaian. Horrez gain, behin baino gehiagotan jo zuen herrian, Lisker taldearekin eta, gainera, Plazentzian bizi izan zen zenbait urtez.
Ibilbide profesional oparoa
Goiena.eus komunikabideak albistea kaleratu zuen atzo musikari eta teknikariren heriotzaren berri emanez eta gogoratuz Txabik musikari eta soinu teknikari moduan egindako ibilbidea, besteak beste: azken urteotan Lisker musika taldean teklatu-jole moduan egindako lana eta duela urte batzuk, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin soinu teknikari moduan egindako jarduna.
Era berean, Iban Arantzabal kulturgile eta Goienako zuzendari elgetarrak Xabi Labaien gogoan artikulua argitaratu du Etxebarri blogean, Txabiren ibilbide profesionalaren gaineko zenbait xehetasun emanez, tartean, hainbat euskal musikari eta talderekin izan zuen hartueman profesionalaren berri emanez: Morau, Rogelio Botanz, Deabruak Tailatuetan, Mikel Urdangarin, Petti, Tapia... Horrekin batera, Txabik soinu teknikari moduan zuen maila eta bere izaera "apala" ere azpimarratu ditu: "(...) Isilik, trabarik egin barik, atzeko lanean, baina beti fin, zintzo eta inurri legetxe. Pertsona on bat galdu du artisteoak, artisten lagun zen soinu teknikari apal eta on bat. Lagun bat galdu dugu Bergara-Soraluze-Elgeta ingurumariakook (...)".
Hil-kapera gaur, Bergaran
Familiak jakinarazi duenez, hil-kapera Bergarako Oroiloren izango da gaur, eguaztena, 11:00-13:30 eta 16:00-19:00 bitartean.