KONTZERTUA

Elizak eskaintzen duen "oihartzunaren eta leuntasunaren" bila

Ander Gomez 2023ko uzt. 6a, 15:00

Ezoziko Ama Abesbatza elizan, 2018an.

Etzi, zapatua, udako kontzertua eskainiko du Ezoziko Ama Abesbatzak. Elizan izango da eta naturako lau elementuak ardatz izango dituen dozena bat kantako errepertorioa aurkeztuko dute, 20:00etan hasita.

Zapatu iluntze honetan, uztailak 8, udako kontzertua eskainiko du Ezoziko Ama Abesbatzak.

Errepertorioa naturaren oinarrizko lau elementuen —sua, airea, ura eta lurra— inguruko letrak lantzen dituzten kantez osatuta egongo da. Berez, gai horren inguruko hamar abesti berri prestatu dituzte, baina, ikusita Antzokian eskaini zuten Gospel kontzertuak izan zuen arrakasta, erabaki dute haietako kanta bi berreskuratzea.

Ondorengo hamabi kantek osatuko dute errepertorioa:

  • La llamada (A. B. Lorenzo)
  • Nerea izango zen (Mold: J. Busto)
  • Zeruan eder ilargia (A. Donostia)
  • Bring me little water, Sylvie (H. Ledbetter)
  • Lore dantza (J. Zeberio)
  • Tierra (J. Elberdin)
  • Fuego (V. C. Johnson)
  • Euritan dantzan (Mold: E. Txurruka) 
  • Baga biga higa (M. Laboa)
  • Por esto cantamos juntos (J. Elberdin)
  • He never failed me yet (R. Ray)
  • The storm is passing over (C. A. Tindley)

Azaldu dutenez, erreportorioa bi atal nagusitan banatuko dute: "Lau abesti a capella izango dira eta, beste zortziak, Eli Mendiaraz piano-joleak lagunduta interpretatuko ditugu", guztia, Ezoziko Ama Abesbatzaren zuzendari den Aitor Garitanoren gidaritzapean.

Aspaldiko partez, elizan

Pandemiaren ostean, abesbatzak deialdi irekia egin zuen kopuruz eta aniztasunez makal zegoen taldea "berpizteko" eta, hilabete batzuek pasatuta, lortu dute "bloke sendo eta osasuntsu bat" osatzea. Harrezkero, "herritarrekin gehiagotan konektatzea" izan dute helburu eta, azken urteotan, antzokian eta jaiegunetan kalean izan dira batez ere, baina, oraingoan, elizaren alde egin dute apustu.

Toki bakoitzak eskaintzen duen sonoritatea kontuan hartuta egin dute hautua: "Antzokiak soinu siku eta zorrotza dauka, kaleak bolumena eta indarra eskatzen du eta, elizan, oihartzuna eta leuntasuna nagusitzen dira", eta azken honek eskaintzen dituen berezitasun horiek nabarmendu nahi dituzte oraingoan, suari, aireari, urari eta lurrari abesteko.


Oharra: Ezoziko Ama Abesbatzak herritar guztiak gonbidatzen ditu emanaldira eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkio apaiz berriari, kontzertua antolatzeko emandako erraztasunengatik.