Maritxu Garatek irribartsu eta senidez inguratuta ospatu zituen 100 urteak

Ubane Madera Zangitu 2023ko uzt. 5a, 08:30

Atzo, uztailak 4, 100 urte bete zituen Maritxu Garatek. Urteurren berezi horretan, Itxaropena Erretiratuen Elkarteko ordezkariak eta Unai Larreategi alkatea zoriontzera joan zitzaizkion, opari eta guzti. Senidez inguratuta zuten Maritxu Garate zain, gaur egun bizitoki duen Mesedeetako egoitzan.

Atzo eguerdian joan zitzaizkion bisitariak Maritxu Garateri, gaur-gaurkoz herritar gutxik betetzen duten mendeurrena zoriontzera. Itxaropena Erretiratuen Elkartetik Amaia Laskurain eta Rafa Varela eta Soraluzeko Udaletik Unai Larreategi alkatea izan ziren Mesedeetako egoitzan.

Opariak

Loreak, krema usain gozodunak eta besteak beste, Soraluzeren erdigunea irudikatzen duen metalezko oroigarria eman zioten opari. Astigarragatik etorritako birbilobak lagunduta zabaldu zituen opariak Maritxu Garatek, irribarrea ahoan. Inguruan zituen ere bi seme, loba eta beste birbiloba bat, atzoko egun berezian, propio bisitan joan zitzaizkionak.