Iruñeko hilketa matxista salatu eta gaitzetsi du Udalak

Ubane Madera Zangitu 2023ko uzt. 4a, 16:12

Soraluzeko Udalak aho batez salatu eta gaitzetsi du uztailaren 1ean Iruñean emakume bat erail izana eta elkartasuna erakutsi die haren senideei eta lagunei. Halaber, aldarrikatu du emakumeen aurkako erasoak “giza eskubideen urraketa larri eta onartezinak” direla eta “irmotasunez adierazten du lanean jarraituko” duela “ emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko erantzukizunarekin”.

Soraluzeko Udalak, prentsa ohar bitartez, gogora ekarri du asteburuan Iruñean izandako hilketa matxista aurten Euskal Herrian izan den laugarrena dela. Azpimarratu du gertakaria ez dela “ekintza isolatu bat, arazo estruktural bat baizik” eta horren erakusle dela 2003tik hona, indarkeria matxistak 119 emakume eta 11 ume hil izana.

Horrekin batera, gogora ekarri du emakumeek hainbat modutan -psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala…- jasaten duten indarkeria dela "emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpenik larriena" eta besteak beste, "emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria", horrenbestez, "giza eskubideen urraketa larria eta onartezina" dela uste du Udalak.

Gizarte osoaren arazoa

Gaineratu duenez, "indarkeria matxista ez da emakumeen arazoa bakarrik, gizarte osoaren arazoa baizik". Ildo beretik, halako tragediek udalerrietan berdintasuna gauzatzeko erakundeek duten erantzukizunaren aurrean jartzen dituela uste du eta “irmotasunez” adierazi du “lanean jarraituko” duela “berari dagokion eremuetan emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko erantzukizunarekin”.