Bi lapurreta galarazi zituen Udaltzaingoak

Ubane Madera Zangitu 2023ko uzt. 4a, 09:45

Kamioia eta makina, SAPAren pabiloian. Argazkiak: Udaltzaingoa.

Atzo, astelehena, Udaltzaingoak bi lapurreta galarazi zituen, bata Pascual Churrucan eta bestea SAPAn. Bi kasuetan, ustezko lapurrak hiru gizon izan ziren, Bilbon erroldatutakoak. Pascual Churruca barrutik bidali eta gutxira, SAPA barruan harrapatu zituen Udaltzaingoak, ustez bertako  makina bat eramateko intentzioarekin. Hiru gizonak atxiki egin zituzten harik eta Ertzaintza bertaratu zen arte. Ustezko lapurrek aurrekariak zituzten.

Atzo arratsaldean izan ziren gertakariak. Arratsaldeko lehen orduan, Errekalde inguruko auzotar batek Udaltzaingora abisatu zuen ezezagunak Pascual Churruca lantegi barrura sartzen ikusi zituela esanez.

Udaltzainak bertaratu eta hiru gizon aurkitu zituen barruan, ustez, txatarra lapurtzera sartuta, kamioia kanpoan lagata. Handik bidali eta gutxira, 15:30ak inguruan, SAPAren lantegi zaharrean zaratak entzun zituzten eta barrura sartu ziren udaltzainak; bertan aurkitu zituzten lehenagoko hiru gizonak.

SAPAn harrapatu

SAPAren kasuan, metalezko atea zabaldu, kamioiarekin barrura sartu, atea itxi eta barruan, kamioia makina handi batera arrimatuta zutela harrapatu zituen Udaltzaingoak. Makina desmuntatzeko baliagarriak diren erremintak ere atzeman zizkieten eta baita kamioiaren dokumentazio okerra ere.

“Harrapatu genituenean, kamioia makinara gerturatuta zuten, itxura guztien arabera, makina bertara igo eta eramateko asmoz. Guk atxiki egin genituen eta Ertzaintzari abisatu genion. Hiru gizonek aurrekariak zituzten, txatar lapurretengatik eta halakoengatik. Baina SAPAren kasuan, oraindik lapurreta egiteke zutenez, aske laga behar izan zituzten”, jakinarazi dute Udaltzaingotik.