Azken urteotako partaidetzarik handiena udalekuetan

Ubane Madera Zangitu 2023ko eka. 30a, 10:57

Astelehenean, uztailaren 3an hasiko dira Kukumixoren udaleku irekiak eta bi astez, uztailaren 14ra arte luzatuko dira. Azken urteotan baino ume gehiago ibiliko dira aurten, HH3ko umeek ere parte hartuko dutelako,  guztira, 200 bat umek. Haien lagun, zaintzaile eta gidari, berriz, 27 gazte ibiliko dira. 

 

Azken urteotako partaidetzarik handiena izango dute Kukumixoren udalekuek. Estreinakoz, aurten HH3ko umeek ere aukera izango dute bertan parte hartzeko eta adin horretako 24 umek eman du izena; gainerakoen artean, berriz, 175 ume animatu da udalekuetara.

Guztira, bada, aurten 200 bat umek hartuko dituzte Soraluzeko kaleak eta txokoak datozen asteotan, 10:00etatik 13:00etara (HH3koak 12:30ak arte). Horrez aparte, irteerak ere egingo dituzte, Mutrikuko hondartzara, Elorrioko igerilekuetara eta San Andresera, gaua pasatzera, kasu horietan, egun osoko jarduna izango dute.

27 gazte lanean

Umeen lagun, gidari eta zaintzaile ibiliko dira 27 gazte. Batzuk begiraleak eta beste batzuk praktikariak, eta, guztiak koordinatzen ibiliko da Miren Gallastegi Pil-pileaneko Haur eta Gazte sailaren arduraduna.