“LGTBI+ pertsonen eskubideetan atzera pausorik” ez dela onartuko azpimarratu du Udalak

Ubane Madera Zangitu 2023ko eka. 28a, 09:17

Gaur, ekainaren 28a, LGTBI+ Harrotasunaren Eguna da. Horren bueltan, Soraluzeko Udalak LGTBI+ pertsonen “askatasuna eta berdintasuna aldarrikatzeaz eta defendatzeaz bat, “atzera pausorik” ez dela onartuko adierazi du adierazpen instituzional bitartez, "geroago eta gehiago bistaratzen ari den faxismoa"ri erreferentzia eginez. Halaber, elkarretaratzea deitu du gaur iluntzerako, 19:00etan, Plaza Barrixan.

Soraluzeko Udalaren adierazpen instituzionalean azpimarratu dutenez, “Harrotasunaren Egunak kolektiboko pertsonei askatasun eta berdintasun aldarria ikusarazteko eta mahai-gaineratzeko balio izan die. Aske bizitzeko eskaria erdigunean ipintzeko: beldurrik gabe, loturarik gabe, mugarik gabe”. 

"Antolatu eta borrokatu"

Gogora ekarri du azken urteotan lorpenak izan direla LGTBI+ kolektiboarentzat, Trans legeak zein kontseilu munizipalak, adibidez, baina, geroago eta gehiago bistaratzen ari den faxismoari erreferentzia eginez, gaineratu dute “hemen” direla, “beldurrik gabe esaten eraiki dugun hori, garen hori desegingo dutela”.

Adierazi dute, halakoen aurrean, orain arte lortutakoa “harro” defendatuko dutela eta “ezinbesteko” ikusten dute “antolatzea eta borrokatzea”, “faxismoaren aurrean, bakoitzak beretik, eraikitzen” jarraitzeko.

Hori horrela, honako konpromisoak hartu ditu Soraluzeko Udalak:

  • - LGBTIQ+ mugimenduaren eta instituzioaren arteko elkarlana sustatzea eta bertatik herriko dinamika ezartzea.
  • - Une oro etorkizunerantz aurrera egiten jarraitzeko urrats sendoak ematekoa.
  • - Pertsonen berdintasunerako eta diskriminaziorik gabeko bizitza bizitzeko eskubidea, bakoitzaren orientazio eta identitate sexuala edo genero-adierazpena edozein dela ere.
  • - Gaztaroan lege frankisten ondorioz kriminalizatuak eta espetxeratuak izan ziren adineko LGTBI+ pertsonen eskubideak defendatuko.
  • - LGTBI+ haurrek irainik eta erasorik ez jasateko duten eskubidea eta erreferenteak izateko duten eskubidea.
  • - Emakume guztiek laguntza bidezko ugalketarako sarbidea izatea.
  • - MOEk (Munduko Osasun Erakundeak) adierazten duen bezala, homosexualitatea, bisexualitatea eta transexualitatea ez direla gaixotasunak eta ezin direla sendatu defendatzea eta konbertsio-terapiak salatzea.

Elkarrearatzea eta trans memoria

Horrekin batera, ekainaren 10ean Errenterian eraildako Francis Vadillo trabestia hil zuten eguna trans memoriaren egun izendatzea eskatzen dute eta gaurko, 19:00etan elkarretaratzea deitu eta herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte.