Domekan, Elgoibarko, Eibarko, Bergarako, Donostiako, Bilboko… motozaleak elkartuko dira Soraluzen. Ehun baino gehiago espero dituzte, denetarikoak: 125 cc-tik hasita,1.250 cc-koak, 1.300 cc-koak, moto txikiak (pit bike)…
Moto ibilbidea
10:00etan izango da inskripzioa, 5 euroan, Plaza Barrixan. Ondoren, 11:00etan ibilaldia egingo dute, Tourrarengatik egokitu egin behar izan dutena. Honakoa izango da: Soraluze-Bergara-Kanpantzar-Elorrio-Elgeta-Bergara-buelta.
Ibilbidea bukatutakoan, berriz, 20 bat minutu lagako diete motozaleei Soraluzetik buelta bat eman edo nahi dutena egiteko, eta, gero luntxa izango dute Plaza Barrixan, motoak Plaza Zaharrean aparkatuta lagata.
Manex Dominguezen alde
Bestalde, Plaza Barrixan daudela, lore eskaintza egingo dute iazko ekainean moto istripuan hil zen Manex Dominguez soraluzetar gaztearen alde. Are gehiago, Manexengatik erabaki zuten aurten moto topaketa berreskuratzea.
Sergio Alonso da Motoclub Plaentxi elkarteko kideetako bat. Harekin batera moto topaketa antolatzen dihardute Mikel Ramosek, Ivan Ayorak, Txiskok, Ojeak… Alonsok esplikatu duenez, Soraluzeko moto topaketa baliatuz, nahi zuten plaka jarri eta lore eskaintza egin Manex Dominguezek istripua izan zuen lekuan, Elorregin, baina Tourra pasatzen da bertatik eta ezin izango dira joan hara goizez. Arratsaldez, Tourra pasatutakoan, orduan bai joango dira Soraluzeko hainbat motozale hara eta loreak lagako dituzte Manexen alde.