Egunotan, Donostian dago Mexikoko Astiazaran familia, Frantziatik hara joanda, lau gau pasatzen. Egonalditxoa aprobetxatuta, atzo, eguaztena, Soraluze bisitatzen izan ziren Marcela eta Ricardo Astiazaran senar-emazteak eta haien hiru seme-alabak Ricardo, Joaquín eta Paulina.
Semeari Joaquin, Soraluzeko arbasoaren omenez
Besteak beste, Plaza Zaharrean ibili ziren eta Plaza Berrian ere bai, selfieak ateratzen. “Etorri berri gara, baina oso pozik gaude gure sustraiak ezagutzeaz”, kontatu zuen familiak. Izan ere, soraluzetarra zen 1780ko hamarkadaren amaieran Mexikora joan zen euren arbaso Joaquin Astiazaran. Are gehiago, haren omenez ipini zioten Joaquín izena euren semeari.
Familiaren nondik-norakoari dagokionez, Ricardo Astiazaranek esplikatu zuenez, Astiazaran familia arma fabrikatzailea zen. Aitari eta haren anaiari esker lortu zuten Euskal Herriko familiaren berri izatea.
"Betiko lehengusuak bagina modura"
“Mexikoko nire aitak eta bere anaiak lortu zuten familian atzera egin eta 1500. urteraino ailegatzea Astiazaran familiaren berri jakiteko. Espainiako artxiboetan bila ibili ondoren, Donostiako Astiazarandar batzuk ezagutu zituzten eta gero Placencia de las Armasera etorri ziren. Aitak 89 urte ditu eta hemen ere ezagutu zuen Astiazarandar bat. Aitak orain dela 30 urte bidea zabaldu zuen eta orain Donostiako Astiazaran batzuk joaten dira Mexikora ospakizunetara (ezkontzak, ospakizun garrantzitsuetara…) eta gu ere etortzen gara hona. Orain dela 30 urte ezagutu ere ez ginen egiten eta orain tratatzen gaituzte betiko lehengusuak bagina modura. Gure senideetako bat, Jose Luis Astiazaran Realeko presidente izan zen orain dela 14 urte eta gero Ligako presidente ere izan zen. Bihar (gaur) afalduko dugu bere aitarekin, adibidez”.
Uniradio Informa komunikabidearen ugazabak
Mexikoko Astiazaran familiari dagokionez, besteak beste, Grupo Uniradio -Uniradio Informa- komunikabide taldearen ugazaba da 1969an Gustavo Astiazaran Rosasek lehen irratiaren -XEMO, La Poderosa- kontzesioa eskuratu zuenetik. Gaur egun, 13 irrati emisore dituzte eta besteak beste, baita Interneteko ataria ere.