Ekuadorretik Soraluzera

Rebeca Romero: "Hemen bizitzea izan da bizitzan gertatu zaidan gauzarik onena"

Egoitz Unamuno 2023ko eka. 16a, 07:58

Rebeca Romero.

Rebeca ekuadorkoa da (1972). 29 urterekin etorri zen anaiarengana eta urteotan adinekoak zainduz atera du bizimodua. 

"Ekuadroko Guayas probintzian jaioa naiz. Bi alaba nituen eta dibortziatutako emakumea izanda, ekonomikoki oso zaila zen han bi alaba mantentzea. Hargatik erabaki nuen 29 urterekin nire herrialdea laga eta hona etortzea, anaiarengana. Niretzat hemen bizitzea izan da bizitzan gertatu zaidan gauzarik onena. Hasieran neu bakarrik etorri nintzen baina urtebetera ama eta bi alabak ekarri nituen. Hemen ezagutu dudan jendeari eta jaso dudan laguntzari esker egin ahal izan dut aurrera. Caritasek eta Gurutze Gorriak asko lagundu ziguten eta poliki poliki lana topatu nuen ezagutu nuen pertsonen bitartez, kostata. Paperik ez izatea oso gogorra da. Nik hiru urte pasatu nituen paperak lortu arte. Adibidez, paperik gabe maileguak lortzea ezinezkoa da. Nik pertsona nagusiak zaintzen lan egiten dut eta etorri nintzenetik lan baldintzak asko hobetu dira. Orain agentziak daude eta errazagoa da, baldintzak aldez aurretik zehazten direlako. Hori bai, orain paperik gabe daudenak lehen gu geunden moduan daude, kontratatzen dituenaren mende. Nire laneko esperientziarik ederrena baserri batekoa izan da, egunerokoan etxeko beste bat moduan sentiarazten nindutelako baina tamalez bestelakoak ere ezagutu ditut, ezer ez zarela sentiarazi didatenak, euren etxean fruta pieza bat jaten ere uzten ez zidatenak...".