Hamar herritarretik bat etorkina da Debabarrenean

Egoitz Unamuno 2023ko eka. 16a, 07:59

Atzerritar jatorriko biztanleriaren portzentaiak Debabarreneko herrietan. Iturria: Saretzen.

Hogei urteotan gora egin du etorkinen kopuruak Debabarrenean. 2002an 72.390 herritar bizi ziren bailaran, eta haietatik jatorri ez-espainiarra –ezta hego euskal herritarra- zutenak 1.773 ziren, INEk emandako datuen arabera; biztanleriaren %2,45. Alabaina, egoera bestelakoa da egun: populazio orokorraren datuak ez du aldaketa esanguratsurik izan, baina bai, ostera, etorkinenak. 

2021ean, 72.054 biztanle zeuden Debabarrenean eta haietatik 8.248 ziren atzerritarrak; biztanle guztien %11,45.

Gehienak latinoamerikarrak

Kontinentekako jatorriari erreparatuz gero, gehienbat, amerikarrak dira bailarara etorri direnak. 2002an 685 ziren handik iritsitako pertsonak, eta 2021ean, 3.686. Gehienak latinoamerikarrak. Amerikarren ostean, batez ere, afrikarrak dira gehien etorri direnak. 2002an 570 herritar ziren eta 2021ean, 3.047 dira. Askoz gutxiago dira, europar eta asiar jatorrikoak.

Hego Euskal Herriko egoera 

Hego Euskal Herriari dagokionez, 2002an etorkinak %4,17 baziren, 2021ean, biztanleria osoaren %12,73 dira. Bada, datu horiek gogoan, Xabier Aierdi Soziologian doktoreak eta immigrazioan adituak ondorioztatu duenez, datuok erakusten dute "errealitate berri baten aurrean" gaudela, eta, gainera, "egiturazkoa" izango dela. "Norbaitek uste badu joan-etorriko pertsonak direla, ez da: datozenak bertan geldituko dira, hemen garatuko dute euren bizitza". Nabarmendu du "gizarte berri bat" sortuko dela, askotariko jatorrietako herritarrez osatua eta, beraz, erronkak "nolabaiteko hiritartasun praktikoa" bultzatu behar duela. "Bizitzeko baliagarria den gizartea sortu behar dugu, denentzako aukera berberekin".