2002an 4.158 biztanle bizi ziren Soraluzen, eta haietatik jatorri ez-espainiarra –ezta hego euskal herritarra ere– zutenak 133 ziren, INE Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera; biztanleriaren %3,2. Ostera, egun egoera bestelakoa da: biztanleria orokorraren datuak ez du aldaketa handirik izan, baina bai, ordea, etorkinenak. 2021ean, Soraluzek 3.842 biztanle zituen eta haietatik 554 ziren atzerritarrak; biztanle guztien %14,42.
Debabarreneko herrien artean, Soraluze zen etorkin tasa altuena zuen herria (ikus datuak eskumaldeko orrialdeko grafikoan) eta Gipuzkoan, berriz, 8.a, Ordizia (%18,77), Leaburu, Ikaztegieta, Irun, Zaldibia, Itsasondo eta Beasainen (%14,55) atzetik.
Gehienak afrikarrak eta amerikarrak
Soraluzeko etorkinen jatorriari kontinenteka erreparatuz gero, Soraluzen afrikarrak dira gehiengoa; 2021ean, 289 pertsona, eta horien artetik, gehienak marokoarrak dira: 248. Gainerakoak algeriarrak (4), nigeriarrak (6), senegaldarrak (1), mauritaniarrak (1) eta beste herrialde batzuetakoak. Generoari dagokionez, afrikarren artean gizonezkoak gailentzen dira (%61).
Bigarren multzo nagusia amerikarrek osatzen dute; 2021ean, 182 pertona. Amerikarren artean, komunitaterik jendetsuena nikaraguarrena baldin bada ere (29), Hego eta Erdialdeko Amerikako herrialde askotako pertsonak daude, esaterako: Ekuador (24), Venezuela (17), Bolivia (15), Dominikar Errepublika (14), Brasil (13), Peru (11), Argentina (9), Kolonbia (9), Kuba (7), Paraguai (2) eta Txile (2). Generoari dagokionez, emakumezkoak dira nagusi (%63).
Askoz gutxiago dira europar jatorriko pertsonak: 44. Horien artean, gehienak portugaldarrak dira (16), ondoren datoz errumaniarrak (14) eta atzetik alemaniarrak (6), frantziarrak (3), ukraniarrak (2) eta italiarra (1). Generoari dagokionez, gizonezkoak dira gehiago (%66).
Asiar jatorrikoak dira gutxiengoa: 39. Horien artean, ia denak pakistandarrak dira (28) baina badira bangladeshtarrak ere (3), txinatarra (1) eta beste. Generoari dagokionez, asiarren kasuan gehixeago dira gizonezkoak (%56).
Azkenik, ozeaniar jatorriko biztanlerik ez dago.
26 nazionalitatetik gora
Bateko eta besteko, 2021ean, guztira, 26 nazionalitate baino gehiagoko pertsonak bizi ziren Soraluzen.