0 KM KOMERTZIOAK

Bihar, BizikaleFest

Ubane Madera Zangitu 2023ko eka. 8a, 10:52

Bihar, barikua, 10:00etan hasi eta 20:00ak arte, herriko zortzi saltokik Plaza Zaharrera eramango dituzte euren produktuak. Jantziak, elikagaiak, loreak, liburuak, jostailuak eta estetika produktuak izango dira, besteak beste. Gainera, 25 euroko bost bonu zozketatuko dituzte erosleen artean. Bizikale merkatari elkarteak dei egin die herritarrei herriko saltokien azokan kontsumitu dezaten. 

Bihar, 10:00etarako, honako saltokiek prest izango dituzte euren produktuak Plaza Zaharrean:

  • Kooperatibak
  • Criado fruta-dendak
  • Iratxo goxo-dendak
  • Mendizabal okindegiak
  • Belarrak belar-dendak
  • Triskel belar-dendak
  • KLB jantzi-dendak
  • Likai estetika zentroak

Egun osoan egongo dira Plaza Zaharrean, 20:00ak arte, eta, amaieran, bertan erosi dutenen artean 25 euroko bost bonu zozkatuko dituzte. Bonu saridunak eskuratzeko, zozketan egon beharra dago.

Saltoki txikien garrantzia

Bizikale merkatari elkarteak herrian bertan kontsumitzeko deia egin du, horren garrantzia azpimarratuz. Gogora ekarri dute merkatari txikiek onura handiak ematen dizkietela herriei. Tokian tokiko bizilagunei eskaintzen dieten zerbitzuaz aparte, gaineratu dute herrietako kaleei bizitasuna ematen dietela, argitasuna ere bai eta herrietako segurtasuna handitzen laguntzen dutela, besteak beste.