“Industriak atmosferara isurtzen duen CO2 gasa ozeanoko geruzak dituen elementuekin konbinatu (itsasoko urarekin, adibidez) eta mineral modura, geruzan geratuko litzateke “preso” eta ez litzateke atmosferara isuriko. Basaltoa bera, mineral karbonatatu bilakatuko litzateke”.
Horixe da Total Energy enpresa lantzen ari den proiektua, Sylvain Calassou proiektuko burua den doktoreak eta Thierry Juteau Brest Unibertsitateko Geologia katedradun erretiratuak Plaentxia.eus-i esplikatu diotenez.
Atzo, eguena, Soraluzen izan ziren aditu frantsesak, geologoak, geokimikoak eta katedradunak tartean. Itsaspeko bolkanismoa ikertzera etorri ziren, Karakateko harriak, kretazikokoak, itsaspeko bolkanismotik eratorritakoak baitira.
Andra Maria elizako harriak
Karakatekoekin batera, Andre Maria Jasokundearen elizako harriak ikusten ere ibili ziren, harri bolkanikoekin (basaltoa) egindako Euskal Herriko eliza bakarra baita Soraluzekoa. Emandako azalpenen arabera, Soraluzeko elizako harriak leherketa bolkanikoetan pulberizatutakoak dira, estronbolianokoak. Itsaspean gertatutako leherketen ondorioz sortuak.
“Harrietan ikusten diren mantxa zuriak karbonatoak dira, CO2a kaltzioarekin konbinatuta”; hori da justu, Total Energies enpresak lortu nahi duena modu industrialean. “Harrien %30a karbonatoz osatuta dago. Hori modu industrialean egin ahalko balitz, hau da, CO2a kaltzitan transformatu, ba oso ona litzateke”, esan zuten. Bestela esanda, Soraluzen egindako ikerketen bitartez, parametroak kalkulatu nahi dituzte ikusteko ea modu industrialean posible den ozeano barruan egin kretaziko garaian Soraluzen gertatu zena.
Soraluzez aparte, Bizkaian ere ibili dira aditu frantsesak, Gernika inguruan dagoen bestelako eremu bolkaniko bat ikertzen.