Matxurak autobusetan

Ubane Madera Zangitu 2023ko eka. 1a, 11:28

Matxuratutako autobusa Mendiolan, gaur goizean. Argazkia: Angel Garcia.

Gaur goizean, eguena, Eibartik Arrasaterako 08:40eko autobus linea eta Arrasatetik Eibarrerako 08:45ekoa bertan behera laga dituzte, matxurengatik. Autobus horietako bat Soraluzeko industrialdean egon da geldi, harik eta konpondu edo garabiak eraman arte. Atzo arratsaldean, berriz, ordubete berandu etorri zen 16:00ak inguruko autobusa. Eta Ertzaintzak autobus bat geldiarazi zuen, balazta-diskoak apurtuta zituelako. Zerbitzuaren arduradun den Gipuzkoako diputazioak “onartezintzat” jotzen ditu egunotako gorabeherak.

Autobus gidariek zein erabiltzaileek hilabeteak daramatzate Avanza Gipuzkoa enpresak kudeatzen duen garraio publikoari buruzko salaketak egiten, autobusen egoera dela-eta. Are gehiago, enpresako langileek hainbat mobilizazio egin dituzte egoera salatzeko; besteak beste, astelehen honetan hiru eguneko grebaren azkena egin zuten eta lehenago, Lan Ikuskaritzara joan ziren, ikuskariek autobusak errebisa ditzaten eskatzera.

Ia egunero arazoak

Bada, egoerak, hobetu beharrean, okerrera egin du, ia egunero baitago arazoren bat Gipuzkoako Diputazioak eskaintzen duen zerbitzu publikoarekin. Soraluzen bertan, atzo arratsaldean, autobus batek ordubeteko atzerapena izan zuen, argitu ez dituzten arrazoiengatik. Gaur, berriz, Eibartik Arrasaterako 08:40eko autobus linea eta Arrasatetik Eibarrerako 08:45ekoa bertan behera laga dituzte, matxurengatik. Autobus horietako bat Soraluzeko industrialdean egon da geldi, harik eta konpondu edo garabiak eraman arte. 

21 espediente

Bada, gaiaren harira, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiak, prentsa ohar bitartez, “onartezintzat eta kezkagarritzat jotzen ditu azken egunetako gertakariak, pneumatiko bat lehertuta, AP-8 autobidean bidaiariak Itziarren parean autobusez aldatzera behartu baitzuen, edo Ertzaintzak beste autobus bat geldiarazi baitzuen, balazta-diskoak hautsita zeudela egiaztatu baitzuen”.

Diputaziotik gaineratutakoaren arabera, erabiltzaileen kexuak tarteko, 2022ko udatik 21 espediente zabaldu dizkiote zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den Avanza enpresari, 20.000 euroko isunak jarriz. 

Bestalde, maiatzaren hasieran, Arrasateko Udalak eten egin zuen Avanzarekin zuen kontratuta, herri barruko zerbitzua ematen zuen autobus bat erre eta gero.