Osintxuarrek soraluzetarrak gonbidatu dituzte domekako Pintxo World Egunera

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 30a, 13:16

Domekan, nazioarteko hamaika herrialdetako pintxoak probatzeko aukera izango da Osintxun, bertan antolatu duten Pintxo World Egunaren bueltan. 12:00etan hasi eta 13:30ak bitarteko egitaraua osatu dute eta soraluzetarrak gonbidatu nahi dituzte jaira. Adibidez, Suitzako, Gambiako, Senegalgo, Argentinako eta Japoniako pintxoak probatu ahal izango dira. Musika eta umeendako klown ikuskizuna ere izango dira.

Domekan, batetik, Osintxun bizi direnek, Gambiako, Senegalgo, Marokoko, Txileko, Argentinako, Kubako, Ukrainako, Suitzako eta Kanariar Uharteetako pintxoak egingo dituzte; adibidez, Suitzkao rösti-a edo Argentinako enpanadilak. Bestetik, Peruko, Japoniako eta Indiako pintxoak ere izango dira aukeran, nahiz eta pintxo horien egileak ez izan jatorriz lurralde horietakoak.

Pintxo World Eguna Osintxuko plazan egingo dute, euria bada, frontoian. 12:00etan hasiko da eguna, umeendako klown ikuskizun batekin eta 13:00etan aurkeztuko dituzte pintxoak. Plaza salduko dituzte pintxoak erosteko txartelak euro eta erdiren truke. Pintxo World Eguna borobiltzeko, 13:30ean, Los Terrucos musika taldeak jardungo du. 

Auzoa saretzeko eta eskolako jantokirako dirua batzeko

Antolatzaileek esplikatutakoaren arabera, ekimenak bi helburu ditu. “Alde batetik auzokideak elkar ezagutzeko eta elkarrekin disfrutatzeko aitzakia ona iruditu zitzaigun. Gaur egun auzokideen topagune nagusia auzoko tabernak dira, baina auzokideen gehiengoak ez du poteoan parte hartzen arrazoi desberdinak direla medio (ekonomikoak, moralak, adinagatik edota gustuko ez duelako). Auzoko eskolak jende desberdina harremanetan jartzen du eta duela gutxi liburuzainak sortu duen Irakurketa Klubari esker ere, ezezagun ginenak elkar ezagutu dugu. Beraz auzoa saretzeko beste elkargune bat sortu nahi dugu. Bestalde Osintxuko eskolako jantoki zerbitzurako dirua bildu nahi dugu. Soraluze kooperatibak eta Bergarako Udalak diruz laguntzen badu ere, falta den dirutxo hori bildu nahi dugu”, esplikatu du Leo Argotek.