'Aitor y el Sabio Fidel' liburua aurkeztu zuten atzo

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 24a, 12:02

Atzo, martitzena, Aitor y el Sabio Fidel liburua aurkeztu zuten Tolarekuan. Liburuaren egile Josefak eta haren alaba Ainhoak egin zuten aurkezpena, aretoan elkartu ziren 20 lagun pasaren aurrean. Fantasiazko liburua da, bereziki gazteei zuzendutakoa, baina baita natura maite duten guztiei ere. Izan ere, liburua Soraluzen eta berau inguratzen duen naturaren aberastasunean dago inspiratuta eta Soraluzeko hiru eszenatokitan kokatuta: txikien eskolan, Plaza Zaharrean eta Plaza Berrian. 

Aitor y el Sabio Fidel fantasiazko liburua aurkeztu zuten atzo iluntzean. Bi protagonista nagusi ditu kontakizunak, bi arbola: Fidel jakintsua eta nagusia eta Aitor gaztea. Nagusiak Aitorri misio bat enkargatuko dio. Liburuan azalduko da, baita ere, Kepa Mendia baserritarra, naturarekin konexioa galdu duena. Eta hiru horiekin batera, liburuan azaltzen dira, besteak beste, Mariel izena duen hego haizea eta Luis izena duen ipar haizea.

Bistakoa den moduan, liburuak naturarekin lotura handia dauka. Izan ere, idazleak, Josefak, biziki maite du natura eta gizakien eta arbolen arteko zelanbaiteko lotura egiten du, mistizismoaren ikuspegitik. Idazleak esplikatu zuen moduan, zuhaitzen lau urtaroak gizakiaren bizitzaren alegoria modukoa dira: udaberria (jaiotza), uda eta udazkena (heltzeko sasoia, fruituak ematekoa) eta negua (zuhaitzak biluzik geratzen dira eta gizakiaren azkeneko sasoia da). 

Testu motzak, hiru eszenatoki…

Josefak emandako azalpenen arabera, testu motzak ditu liburuak, ipuin motzak, filosofiatik ere badu, barre eragiteko kontakizunekin zipriztinduta dago eta amaiera norbere interpretazioaren eskura lagatzen du, libre. Istorioa, berriz, hiru eszenatokitan garatzen da: Plaza Zaharrean, Plaza Berrian eta txikien eskolan. 

Idazleari buruzko xehetasunei dagokienez, berriz, haren alaba Ainhoak eman zituen. Jakinarazi zuenez, Josefa jaiotzez durangarra da eta bizitzak Soraluzera ekarri zuen. Hona ohitzeko, gehien kostatu zitzaiona izan zen herriaren txikitasuna, komertzio gutxi izatea eta edozertarako ondoko herrira joan beharra. 

"Gutxik dute Soraluzeren edertasuna"

Baina aldi berean, ikusi zuen Soraluze oso aberatsa zela landarediari eta naturari dagokionez. Mendiz inguratuta dago, arbolaz inguratuta eta txoko benetan ederrak ditu, idazlearen esanetan. Behin baino gehiagotan azpimarratu zuen herria txikia izan arren, herri gutxik dutela Soraluzek duen edertasuna, naturak emandakoa. Mendiz inguratuta egoteaz aparte, nonahi daude arbolez edo landarez inguratutako txokoak. Horrek ongizatea eta osasuna ematen dituela ere adierazi zuen, gizakiak bizitzeko behar dituen naturaren fruituak eta zuhaitzen oxigenoaz aparte. 

Bereziki aipatu zituen Plaza Zaharreko platanondoak, paseo maritimoa, Zubi Nagusia, Boskoitxi inguruak paseatzeko, bidegorria… Herri honetan benetan gustura dagoela berresteko. Are gehiago, aretoan zeuden beasaindar batek eta bi mondragoetarrek biziki bat egin zuten idazlearekin Soraluzeri buruz partekatu zuten iritzi positibo horretan. Aretoan zegoen Iker Aldazabal alkateak ere eskertu egin zion ikuspegi hori helaraztea, gutxitan partekatzen baita herriari buruzko ikuspegi positiboa.  

Liburuaren aurkezpenaren amaieran, jakinarazi zuten irakurleen iritziak, zalantzak edo bestelakoak jasotzeko eta argitzeko, posta elektronikoa jarriko dutela eskura: aitoryelsabiofidel@gmail.com.