Atzo, domeka, goizean goizetik margolari gaztez eta beteranoz bete ziren herriko kaleak, XXIX. Kaleko Margo Lehiaketak erakarrita.
Umeek eta gazteek (gehienek) Udalak emandako margoekin marraztu zituzten lehiaketarako margolanak. 13:00etarako bukatu eta ondoren, marrazki guztiak zintzilikatu zituzten Plaza Zaharrean. Baita irabazleak izendatu ere.
Helduen kasuan, berriz, herriko hainbat txokotan ibili ziren marrazten, akuarelaz, gehienak. Guztira, 10 lehiakidek parte hartu zuten, urtero Soraluzera etortzen direnek zein berriek. Helduek 14:30erako entregatu zituzten lanak.
Sari-banaketa, berriz, arratsaldean egin zuten, epaimahaikideen eta Iker Aldazabalen eskutik. Hain justu, epaimahaikideak honakoak izan ziren: Jose Agustin Larrañaga, Paula Pinilla, Maria Luisa Blasco eta Santos Ocina.
Lehenengo, umeen sariak banatu zituzten, adinaren arabera. Segidan irabazleen izenak:
- Haur Hezkuntzakoak:
1- Hiba Hajji
2- Fatima Zahara
3- Nora Ariznabarreta. - Lehen Hezkuntza 1-2:
1- Sara Muñoz
2- Ager Esnaola
3- Eire Beretxinaga - Lehen Hezkuntza 3-4
1- Jone Ormazabal
2- Mikel Gallardo
3- Arianne Muriel - Lehen Hezkunta 5-6
1- Ekain Ariznabarreta
2- Fatima Bensaad
3- Uxue Ros - Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
1- Nahia Rodriguez
2- Lide Sudupe
3- Amaia Gonzalez.
Mugarra, Gomez eta Santamaria irabazle
Ondoren, helduen sariak banatu zituzten eta honakoak izan ziren irabazleak:
Lehen saria Ugao Miraballeseko Iker Mugarrak irabazi zuen. Errekaldeko farmaziatik parean zuen etxeak eta ingurua marraztu zituen. Haren esanetan, igogailua, parkea-eta, polita iruditu zitzaion eta horregatik marraztu zuen hori. Mugarrak esandakoaren arabera, Soraluzeko lehiaketan parte hartzen zuen lehen aldia izan zen, “oso gustura” ibili zen eta “piloa disfrutatu” du.
Bigarren saria, berriz, Julio Gomezek irabazi zuen, udaletxearen marrazki batekin. Gomez beteranoa da Soraluzeko lehiaketan. Iaz, adibidez, lehen saria eskuratu zuen.
Azkenik, hirugarren saria Leioako Piedad Santamariak irabazi zuen. Santamariak esandakoaren arabera, bera ere sarri etorri izan da, ia beti eta behin baino gehiagotan eskuratu du sariren bat. Gaineratu zuen “gustuko” duela Soraluzera etortzea.