0 KM KOMERTZIOAK

Kooperatibako batzordeak ezohiko bilera deitu du “oso interesgarria den proposamen” baten berri emateko

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 11a, 10:00

Datorren asteko eguaztenerako, maiatzaren 17rako, ez ohiko batzar nagusia deitu du Soraluze Kooperatiba Elkarteak. Bazkideei bidalitako gutunean diotenez, Kooperatibako kontseiluarentzat “oso interesgarria den proposamen baten berri” emango dute bileran. Dena den, gaineratu dutenez, “Kooperatibak benetan behar duena bazkideek beraien erosketak bertan egitea da aurrera jarraitu ahal izateko”. 

Apirilaren amaieran egindako urteko batzarrean, Kooperatibako batzordeak jakinarazi zuen saltokia “oso gaizki” doala. Bertaratu ziren bazkideei esplikatutakoaren arabera, iazko urtea salmenta jaitsierarekin eta galerekin bukatzeaz aparte, 2023ko lehen hiruhilekoa bide beretik hasi dute. Egoera horren aurrean, zerbait egin ezean, ez zuten baztertu saltokia itxi beharra edo Kooperatiba “beste zerbait bilakatzea”.

"Hainbeste eman digun kooperatiba itxi behar"

Orain, bigarren batzar orokor batera deitu dituzte bazkideak, kasu honetan, ez ohikoa. Bazkideei bidalitako gutunean gogora ekartzen dute kooperatibaren egoera “oso latza” dela, “salmentak nabarmen jaitsi” direla eta “horrela jarraituz gero, datozen hilabeteetan herri honentzat oso erabaki gogorra hartu beharko” dutela: “113 urte eta gero gu denoi hainbeste eman digun kooperatiba itxi beharko genuke”.  

Baina, horrekin batera, gaineratu dute datorren eguazteneko batzarrean, “oso interesgarria den proposamen baten berri” emango dutela. Hori bai, azpimarratu dute, dena den, “Kooperatibak benetan behar duena bazkideek beraien erosketak bertan” egitea dela “aurrera jarraitu ahal izateko”.

Ez ohiko batzarra maiatzaren 17an izango da, 20:00etan, Herriko Antzokian. 

Tindategia, zapata konponketa…

Halaber, bazkideei bidalitako gutunean, Kooperatibak dituen eskaintzak gogorarazi ditu: arrandegia, tindategia, zapata konponketa, hilero otar baten zozketa, baserritarren produktuen salmenta, astean birritan etxez etxeko banaketa -60 eurotik gorako erosketetan doan- eta, besteak beste, eskaerak whatsapp bidez egiteko aukera.