Ligako historian, noizbait Lehen Mailan egon diren futbol taldeen bildumari dagokionez, Jabi Hernandezi kromo gutxi falta zaizkio bilduma osatzeko: “Guztira, 63 dira eta niri 14 falta zaizkit”, esplikatu du. Berriak, historikoak, existitzen ez direnak… denetik du. “Badira hainbat talde desagertu eta gero berriro ere sortu zituztenak, adibidez, Almeriak hiru ekipo izan ditu, Malagak, bi… Horiek guztiak baditut, adibidez”.
Pinetako batzuk umetakoak ditu, beste batzuk, berriz, heldutan lortzen joandakoak. Hernandezen helburuetako bat da Lehen Mailako pinen bilduma osatzea, baina oro har, bestelakoen bilduma ere egiten du. Baditu, adibidez, lehen mailakoak, bigarren mailakoak, bigarren mailatik behera Euskadikoak ez diren taldeenak zein Euskadiko taldeenak. Azken horien artean, Sorak atera dituen hiru pinak ditu Hernandezek: zaharrena (sortu zutenekoa-edo), berriena eta 40. urteurrenekoa. Maiteenetako bat du, berriz, Eibar taldearen pin bat, damaskinatu estiloan egindakoa. Bestalde, baditu ere atzerriko ekipoen zein ekipoen lagunarteen pinak: “Realekoena, Soraluzeko Realeko lagun-taldearena, nirearena, -Eibarko Realzaleena- Manix Mandiolaren lagunartearena… Baina gehien Athletik-eko lagunarteenak, Athletikek mordoa baititu”, dio.
1972tik aurrerako kromoak
Kromoei dagokienez, berriz, Realaren eta Eibarren kromoen bilduma egiten du, Ekialdeko ligakoak, 1972tik gaur egunera arteko kromoenak. Albumetan gordeta ditu, denboraldika antolatuta, falta zaizkionak markatuta eta haiendako lekua lagata. "Internet bidez dakit zeintzuk falta zaizkidan. Poliki-poliki lortzen noa; baina aspaldi honetan, apur bat lagata daukat", dio. Esplikatu duenez, "kromoen mundua oso arraroa bihurtu da. Askok bilduma egiten dute negozioa egitearren, ez bilduma egitearren" eta horrek zaildu egiten du zenbait kromo lortzea, prezio altuarengatik. Batzuek milaka euro balio dute. Kromoen balioa, batik bat, ezartzen da kromoaren arrarotasun mailaren arabera. Adibidez, 1982-83an Lopez Ufarteren kromo bat akats batekin atera zuten, Lopez Ufarte barik, bakarrik Lopez ipintzen zuen eta oso-oso kromo gutxi atera zituzten, beraz, halako batek, bildumazale amorratu batendako balio handia dauka. Ni, berriz, Lopez Ufarteren kromo arruntarekin konformatzen naiz. Nire albumean ez dago eta ez da egongo milaka euro balio duen kromorik, ez dudalako hori ordaindu nahi”, esplikatu du.
Akaso milaka euroko balioa dutenak ez, baina berari zuzenean sinatutako kromok baditu Hernandezek, Diegorena, adibidez. "Orain pare bat urte ezagutu nuen. Eibarko peñara etorri zen, Esnaolaren laguna da". Boronaten sinadura ere badu, Salva Iriarterena, Zamorarena… Eta Eibarko jokalari askorenak.
Pinen zein kromoen bildumak osatzen segitzeko asmoa dauka Hernandezek, zoratu barik, baina eten barik. Kromoak Bilboko lagun batek lortzen dizkio azken boladan eta pinak, berriz, bestelako lagun batzuek.