Zaletasun bereziak

Zailtasunen gainetik, postal bilduma-egile

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 8a, 09:01

Ioritz Aizpitarteri (Zarautz, 1983) betidanik gustatu izan zaio idaztea, udalekuetara-eta joaten zen garaitik. Orduantxe hasi zen lagunek elkarri idazten zizkioten gutunak eta postalak gordetzen. Sasoi batean, ohikoa zen ohitura hori askoren artean, are gehiago postalen kasuan, askok egiten baitzuten postalen bilduma. Baina gaur egungo mundu digitalizatuan, gutxiengoak eutsi dio zaletasun horri. Ioritz Aizpitarte da azken horietako bat.

135 postal edo gehiago ditu. Umetako eta gaztetako sasoikoak bai, baina baita gaur egungoak ere, eta gainera, ez du errepikatutako postalik.

Bere bilduman denetariko postalak ditu: paisaiak, animalienak, antzinakoak, monumentuenak, loteriarenak… Urrunenen artean ditu Montrealgo bat, Patagoniakoak, Lousianakoa, Mexikokoa… Gertukoenen artean, berriz, bere jaioterriko, Zarauzko, antzinako argazkien hainbat postal ditu, 1833-1937. urte bitarteko erretratuenak. 

Guztiak ere klasifikadore batean ditu gordeta oraingoz, bilduma antolatu eta kutxa batean gordetzeko zain. 

Postaletako asko berak erositakoak dira, beste batzuk berari bidalitakoak eta beste batzuk kanpotik ekarri eta zuzenean berari emandakoak. Gustukoen ditu ekarri edo bidaltzen dizkioten postalak. Eta horien artean idatzitakoak. "Bidaltzea edo ekartzea, biak ditut gustuko. Baina orain, normalean, jendeak ez du idazten eta gainera, bidaltzea ere ez da erraza izaten askotan, beraz, errazagoa da jendeak ekarri eta ematea, baina idatzi barik. Horiek ere egiten dute ilusioa, noski, baina ez da gauza bera", dio berak. Ilusioa ilusio, bidalitako eta ekarritako postal guztien kasuan, apuntatu egiten du zeinek eta nondik ekarri dion, oroigarri modura. 

Familiakoak eta lagunenak

Postal bildumatik, berriz, gehien maite ditu familiak bidalitakoak. Asko ditu, adibidez, amonaren eskutik jasotakoak, Noruegara joan zen lehengusu batenak… Eta estimu handia die, besteak beste, Portugalen umetan egon zen garaiko postal bati, Gareseko umetako beste bati zein Madrilen ikasten dabilen lagun batek Edinburgotik bidalitako bati. Azken batean, postalak badira ere bizipenen oroigarri eta lekuen antzinako itxuraren zaindari.

Ioritz Aizpitartek aitortu du berak ere aspaldian ez duela postalik idazten. Ezkondu zeneko urtean idatzi zituen azkenak, eztei-bidaian. Anekdota modura, horietako bat familiari idatzi zion, baina "gu iritsi ginen postala baino lehenago", kontatu du.

"Akordatzen bazara, ekarri"

Azkenik, bilduman gehien Landetako eta Italiako postalak ditu. Berak, berriz, bera egonda ez dagoen lekuetakoak lortu nahi ditu, haiek zelakoak diren ikusteko. Edozein kasutan, oso eskertuta hartzen ditu ematen dizkioten postal guztiak, "postal guztiek balio dute​​​​​​​; akordatzen bazara, ba ekarri eta bestela ez da ezer pasatzen".