2009an, berriz, argazkilaritzarekin ere zaletu zen. Hortik ezagutu zituen panpina berezi batzuk, Blytheak. "Argazkiak ateratzen zituen lagun batek Blythe panpinak ezagutu zituen, argazkilari ezagun batek haiei buruzko liburu bat egin zuelako. Laguna hasi zen panpinak erabiltzen modelo modura. Nik ere argazki-kamera berri bat nuen, eta gauza bera egiten hasi nintzen. 2009an eskuratu nuen lehen Blythea".
Blythe panpinak
Japonian izugarri modan dauden panpinak dira Blytheak. 1972an sortuta, jatorri amerikarra dute eta mundu oso bat inguruan. Haien zaleek kustomizatu egiten dituzte, aurpegiak, ilea… aldatuz, eta, osagarriz hornitu, jantziak, bitxiak, altzariak, dekorazioa… Blythe panpinen beste ezaugarri batzuk dira begiak mugitu eta kolorez aldatzen zaizkiela, eta buru-handiak dituztela. Halako berri batek 150-200 bat euro balio ditu, kustomizatuek 400 eurotik gora, eta 70eko hamarkadako original batek 1.000 eurotik gora. "Jendeak lixatu, limatu eta forma aldatzen die aurpegiei, adibidez. Hau artea bezalakoa da. Badaude pertsona batzuk ezagunak direnak eta haiek egindako kustomizazioek diru asko balio dute; adibidez, Vainilla Dolly, Andreea Mariuka, Tati 68… Nire Blytheak, berriz, lagunek kustomizatu zituzten. Hala ere, konturatu barik dirua gastatzen hasten zara Blytheekin. Josten banekienez, arropak ere egiten nizkien eta gero argazkiak atera, paisaietan, batik bat, loredun fondoekin".
Lopezek lau Blythe ditu; ez dira originalak eta badira 9 urte-edo ez dela haiekin ibiltzen, baina estimu handiarekin ditu gordeta, bere lagunek kustomizatutakoak direlako. Dio orain ez lukeela Blythe berririk erosiko, baina aitortu du, bilduma-zale ikuspuntutik, gustatuko litzaiokeela jatorrizko Blythe bat izatea, 1970eko hamarkadakoa.
Paola Reina, Nancy…
Blytherik ez, baina beste panpina batzuk eskuratzen segitu du Lopezek, Paola Reinak, Nancy bat… Azken hori, adibidez, orain dela bost urte erosi zuen, bigarren eskukoa. Berri batek 100 bat euro kosta dezakeela esan du. Panpina errealistak gustatzen zaizkio Lopezi, ume itxurakoak ez. Eta arropak egiten dizkie. Berak, ama Mari Terek eta amaginarreba Margak. "Horiek dira zona punto. Kolaboratu egiten dute jantziak egiten, puntuzkoak. Nik bestelakoak", esan du.