"Ondo dago gure larruazala zaintzea baina gure gorputzarekin ondo sentitzeko, barrutik ere ondo egon behar dugu eta horixe da Likain eskaini nahi duguna, estetikari begiratzeko beste modu bat, pertsonak kanpotik zein barrutik zaintzeko zerbitzua". Etapa berrian, Nereak beste lankide bat du ondoan: Karmen Iñurrieta, estetika munduan hogeita hamar urtetik gorako esperientzia duen plazentziatarra.
Estetika: depilazioa, aurpegiko tratamenduak…
Estetikaren arloan, Likaik lehen Lilurak eskaintzen zituen hainbat zerbitzu eskaintzen jarraitzen du, esaterako: depilazioa (orientala, elektrikoa eta laserra), manikura eta pedikura, oinen tratamenduak, espoliazioa, mikroblading… Horrez gain, aurpegirako tratamendu bereziak ere eskaintzen ditu olioak eta mineralak baliatuta. Baita gorputzeko tratamenduak ere: zelulitisa (LPG makina), drenaje linpatikoa, likidoen erretentzioa edo oinetako nekea bideratutakoak. Baita kirola egin osteko errekuperazioa errazteko erlaxazio masajeak ere (presoterapia makinak…).
Likaik estetika olistikoa lantzen du (gorputza, gogoa eta arima batera) eta garrantzi handia ematen dio erlaxazioari: "Tratamenduak laguntzen du gure momentua hartzen, geure buruarekin konektatzen eta sentitzen den lasaitasuna sekulakoa da. Izan ere, barruko lasaitasuna azalean transmititzen da. Askotan zimurrak estresak eragindakoak izaten dira".
Horrekin batera, aipagarria da produktuen inguruan Nereak erabaki duena: “Erabaki dut nik neuretzat erabiliko ez nituzkeen produktuak eta makinak ez erabiltzea, nahiz eta jendeak eskatu eta errentagarriak izan”. Hortaz, Likain produktu naturalak bakarrik erabiltzen dituzte, toxikorik gabeak.
Terapia energetikoak eta tailerrak
Estetika tratamenduekin batera, Likaik “estresa liberatzera eta pertsona lasaitzera” bideratutako terapia energetikoak ere eskaintzen ditu, nagusiki hiru teknikaren bitartez: Acces barrak, buruko 32 puntu energetikotan eraginez; osteopatia bioenergetikoa, buruan eta gorputzean eraginez; eta biomagnetismoa, birusak eta bakteriak ezabatu eta energia orekatzera bideratuak.
Tailerrei dagokienez, Likaik eskainiko dituen gaiak askotarikoak izango dira: barreterapia, automakillajea, aurpegiko yoga, eskulanak, sendabelarrak, kosmetika naturala… Lokalean gela zabal bat egokitu dute tailerrak egin ahal izateko eta asmoa da hilean tailer bat edo bi eskaintzea, bai soraluzetarrei eta baita kanpoko jendeari ere.
Ateak zabalik
Nerea gustura dago proiektu berriarekin: “Likai urte luzetako lanaren emaitza da. Duela sei urte aita hil zenean hasi nuen prozesu baten amaiera izan da. Formazio eta ahalegin askoren ostean, orain, sentitzen dut eskaini nahi dudana eta eskaintzen dudana bat datozela. Etorri den jendeak ere esan dit lasaitasuna eta bakea transmititzen duela. Soraluzetar guztiak gonbidatzen ditut Likai ezagutzera. Ateak zabalik dauzkagu”.
Likai Estetika Zentroa
Helbidea: Gabolats 12, behea.
Tel.: 943 530233
Ordutegia: Astelehenetan 15:00etatik 19:00etara; asteartetan, asteazkenetan eta ostegunetan 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; eta ostiraletan 9:00etatik 13:00etara.