Estreinatu dute Kalebarrengo lokala

Ubane Madera Zangitu 2023ko api. 28a, 11:43

Joan den astean estreinatu zuten Kalebarrenen zaharberritu duten lokala. Bi solairutan banatuta, “a priori” hiru erabilera emango zaizkio; batetik, Ezozibidea Berritzeneko proiektuan, bertako bizilagun-komunitateei aholkularitza emateko Gertutasun Bulego (Open Gela) modura; bestetik, aholkularitza sozio-laborala zein Lanbideren formazio saioak emateko eta hirugarrenik, Zabaltzen-Sartu proiekturako. 495.902 euroko inbertsioa egin dute, Jaurlaritzaren, Diputazioaren eta Udalaren artean. 

Joan den astean, Ezozibideko komunitateekin bilerak egiten hasi ziren, Ezozibidea Berritzeneko aurre-proiektua esplikatzeko. Eurek estreinatu zuten Kalebarrengo erabilera anitzeko lokal zaharberritua. 

Orduz geroztik zabalik dago Ezozibideko Gertutasun Bulegoa (Open Gela) eta hitzordua emanda, bertara joaten ari dira Ezozibideko bizilagunak. 

Gertutasun Bulegoa

Kalebarrengo Open Gelan (lokal berriaren lehen solairuan), bi lagun ari dira arreta ematen, Eider Etxegarai Debegesako arkitektoa arlo teknikoei buruz eta Olatz Arregi aholkularia dirulaguntzei buruz. Ezozibidea Berritzen proiektua bukatu bitartean izango dira Gertutatsun Bulegoan. 

Aste honetan, berriz, Kalebarrenera lekualdatu dira orain arte Gaztelekuan ematen ari ziren emakumeendako formazio saioak, Zabaltzen-Sartu Kooperatibarenak. Horixe izango da Kalebarrengo lokalak izango duen beste erabileretako bat. Lokalaren beheko solairuan egokitu dute horretarako formazio-gela, 50 m2-koa. 

Azkenik, Kalebarrengo lokalean emango da ere orain arte HHIn (EPAn) eskaintzen zen aholkularitza sozio-laborala. Era berean, Lanbidek lokal berria homologatu bezain laster, Lanbideren formazio-saioak ere emango dira bertan, lehen solairuan egokitutako 50 m2-ko formazio-gelan.

Iker Aldazabal alkateak esplikatu duenez, “a priori” hiru zerbitzu horiek emateko erabiliko dute Kalebarrengo lokal berritua. Baina aurrerago bestelako erabilerak ere izan ditzake. “Beti espazio faltan gaude. Hau proiektatu da erabilera anitzeko jarduerak egiteko. Mahaiak, jarlekuak… ipini eta kentzekoak dira, beharren arabera”, esan du, besteak beste.

Ezaugarriak

Kalebarrengo lokalak guztira bi solairu ditu. Goikoak 120 m2 ditu eta bertan egokitu dituzte 7,32 m2-ko ataripea, 10,91 m2-ko talde-arretako gela, 9,48 m2-ko banakako arretarako gela, 16,24 m2-ko beste talde-arretako gela bat eta 50 m2-ko erabilera anitzeko formazio gela bat. 

Beheko solairura jaisteko, berriz, barne eskailera dago eta irisgarritasun baldintzak bermatzeko igogailua. Beheko solairuaren banaketa ondorengoa da: 50 m2ko erabilera anitzeko formazio gela bat eta bi komun.

Kalebarrengo 8ko lokala zaharberritzeko 495.902 euroko inbertsioa egin dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak 341.926 euro eman ditu, Eusko Jaurlaritzak, berriz, 94.032 euro eta Soraluzeko Udalak 59.944 euro.