SAPAko obrak direla-eta, Gabolatseko zubia itxiko dute ibilgailuendako, martitzenean

Ubane Madera Zangitu 2023ko api. 27a, 09:16

Makina hondeatzailea pabiloi barruan; bazterrean, zangarako zuloa. Argazkia: Soraluzeko Udala.

Hasita daude SAPAko lehen pabiloia aisialdi-parke bilakatzeko obrak. Egunotan, azpiegiturak (argindarra, telefonia… ) lurpetik bideratzeko zanga egiten ari dira pabiloi barrutik, baita urarendako hargune bat ere, plazan iturri bat aurreikusten baita. Ildo beretik, datorren martitzenean, maiatzaren 2an, kanpoko aldetik zabaldu behar dute zanga eta horrek eragina izango du inguruko zirkulazioan.

Orain arte SAPAko lehen pabiloiaren fatxadatik zihoazen azpiegiturak (argindarra, telefonia…) lurpetik bideratzeko lanak egiten dihardute tailer zaharraren barruan. Zanga bat zabaldu dute horretarako. 

Gauza bera egingo dute datorren asteko martitzenean, maiatzaren 2an, baina lantegiaren kanpoko aldetik. SAPAko eraikinaren eta Baltegieta 26 artean zabaldu behar dute beste zanga bat eta arketa sartu gaur egun airetik doazen Iberdrolaren kableak lurperatzeko. 

Gabolatseko zubia itxita

Udalak ohartarazi duenez, horrek eragina izango du inguruko zirkulazioan. Hain justu, maiatzaren 2an, 08:00etatik aurrera eta lanak bukatu arte, Gabolatseko zubitik ezingo da ibilgailurik pasa.

Zirkulazioa bideratzeko, arratsaldez ere erdigunea zabalduko dute eta Baltegietako garajeetarako sarbidea, berriz, Cañoneseko bide txikitik egingo da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.