Musulmanen komunitateak Ramadanaren amaiera ospatu du

Ubane Madera Zangitu 2023ko api. 21a, 12:39

Gaur goizean, barikua, herriko musulman komunitateak Ramadanaren amaiera ospatu du Zubi Nagusian, Aid al Fatir eguna, lehen aldiz, modu publiko eta irekian. Hasteko, 09:00etan, fededunek elkarrekin errezatu dute kiroldegi gainean eta ondoren, jatordua egin dute Zubi Nagusian, herritar guztiei irekia izan dena. 

Ekitaldian, jatorriz hainbat herrialdetakoak diren dozenaka herritarrek parte hartu dute (emakumezkoak eta gizonezkoak bereizita), aldarte onean, dotore jantzita eta alaitasunez, musulmanentzat ospakizun garrantzitsua eta pozgarria baita hilabete iraun duen baraualdiaren amaiera.  

Zubitik pasatu diren herritar guztiak gonbidatu dituzte tea edan eta prestatu eta ekarri dituzten gozoak eta pastak jatera, eta anbulatoriora, Iratxora, Kalebarrenera… ere joan dira pasta bandejak eskuetan, soraluzetarrak ospakizunera gonbidatzera.