Gaur abiatu da Pandemonium Raid solidarioa, Salamancaraino. Han gaua pasa eta Algecirasera joango dira ondoren bertan Raid-erako azalpenak jasoko dituzte, tracks-ak (puntu batetik bestera joateko bide zuzena) eta way point-ak (ibilbidea, erreferenzia barik) Hurrengo egunean, zapatuan, Marokora sartu eta rally solidarioari ekingo diote. Zapatuan izango da hori, apirilaren 22an eta datorren zapatura arte, apirilaren 29ra arte egingo dute Pandemonium Raid-a.
Honako ibilbidea egingo dute: bi etapa egingo dituzte Atlasen. Ondoren, Tanger-Megnes, Megnes-Milded eta Milded-Merzouga (lauzpabost etapa) egingo dute eta gero buelta.
30-40 bat kilometrotan 12 bat way point dituzte. Haiek topatuz, leku batetik besterako bidea egingo dute karabana osatu duten 25 autoek, lau antolakuntzakoak. Medikuarekin doaz eta Dakar lasterketaz arduratu zen GPS enpresa arduratuko da geo-lokalizazioaz.
“Ni ilusio handiarekin noa; nire pasioak bateratzen ditut: autoa, gasolina eta abentura. Gozatu egiten duzu eta baliagarria zarela sentitzen zara, pertsona moduan baliagarria. Tximeletan tripan ditudala noa ea Josunek eta Celsok zer dioten bueltan”, kontatu du Fernando Garciak.
Asko eman eta asko jaso
Hark esan du, urtero moduan, aurten ere, opari mordoa eramango dizkietela bertakoei baina azpimarratu du Pandemonium-eko kideek ere asko jasotzen dutela haiengandik. “Furgoneta goraino beteta doa eta opariak emanez ondo sentitzen zara. Baina bueltatzen zarenean, konturatze zara eurengandik ere asko jasotzen duzula, irribarreak, besarkadak, muxuak… Adibidez, han ez daukate muxuak emateko ohiturarik baina guri ematen dizkigute, horrek esan nahi du pertsonen artean nolabaiteko batasuna lortzen dela”.
Aurten material mordoa daramate: patineteak, bizikletak, gozokiak (20 kilo), gailetak (Urkotronikek oparituta, 20 bat kaxa), baloi mordoa, horiek baitira opari izarra, globoak… “Mundu guztiak laguntzen dizu”, dio Garciak. “Eibar ekipoak, adibidez, kamisetak ematen dizkigu; aurten aldatzen dituztenean eskatuko dizkiegu”. Bestalde, raid-ean ere joango dira Eibarko ordezkariak: Ernesto Oiartzabal (Mikel Oiartzabalen aita eta Joseba Unamuno Eibar taldeko diruzaina.
Aurtengoa, Pandemonium Raidaren 10. edizioa izango da eta zazpigarrena Soraluzeko ordezkaritza bertaratuko dena.
“Laguntzera, ondo pasatzera eta gozatzera goaz, joan, ikusi, itzuli eta kontatu; herri bat ikusteko modu erabat desberdina da”, adierazi du Garciak.
Abiatu aurretik, Garciak eskerrak helarazi nahi izan dizkie harako opariak zein janaria eman dieten guztiei.