Salatu dute "autobusen mantenu faltak arriskuan" jartzen dituela "erabiltzaileak eta langileak"

Ubane Madera Zangitu 2023ko api. 15a, 09:03

Atzo, barikua, Pesako (Avanza Movilidad Gipuzkoa) autobusen “egoera tamalgarria” salatu zuten Lan Ikuskaritzaren aurrean eta enpresako langile batzordeak egoera horren berri eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiari. Ohartarazi zuten “autobusen mantenu faltak arriskuan” jartzen dituela “erabiltzaileak eta langileak”. Autobusen egoera erakusten hori duten argazkiak ere helarazi zituen ELA sindikatuak.

Atzoko prentsaurrekoan, enpresako  langile batzordeak Avanza Movilidad Gipuzkoa SA konpainiaren autobus flotaren “egoera tamalgarria” salatu zuen. Esan zutenez, autobus gidariek “bai publikoki, bai pribatuki ari dira salaketa hori egiten Avanza Taldean 2018. urteaz geroztik”, baina “arazoak konpondu gabe jarraitzen du”.

Gaineratutakoaren arabera, egoera horrek langileei “estresa” eragiteaz aparte, “eguneroko lana modu egokian egitea zailtzen du eta ezinezkoa egiten du langileek ibilbide seguruak eta erosoak bermatzea”.

Gurpilak, balaztak...

Adibide modura, salatu zuten “autobusen gurpilak egoera kezkagarrian” daudela, “zenbaitetan, alanbreak bistan dituztela”; “hainbat ibilgailuren balaztatze sistemetan akatsak” daudela; beste hainbatek “klimatizaziorik eta lurrunaren kontrako gailurik gabe zirkulatzen” dutela; ”zatitzen diren hagunak, nasaitzen diren azkoinak” dituztela, eta ez dutela “inolako komunikazio sistemarik” matxuren edo istripuen berri emateko; “Europako legediak agintzen duen gurpilak puzteko ikuskapen sistema kenduta” dutela; “kutsaduraren edo poluzioaren aurkako sistemek” ez dutela “funtzionatzen eta egunero blokeatzen” direla; hainbat kasutan “ateak gidariek eurek jarritako zinta amerikarrarekin eutsita” daudela, maletategiak zabaldu ezinik eta adibidez, “segurtasun sistemetako akatsak informatikoki ezabatzen direla autobusen inspekzio teknikoak egiteko”.

Egoera horren aurrean, langile batzordeak “zoritxarren” bat gertatzeko arriskua ikusten du eta  “Aldundiaren, Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen berehalako esku-hartzea eskatzen du”, halakorik gerta ez dadin.