Soraluzeko delegazioa Tokikomen urteurreneko jardunaldietan

Egoitz Unamuno 2023ko api. 12a, 08:10

Euskarazko toki komunikabideen sareak –Tokikom– hamar urte bete berri ditu eta hori dela eta martxoaren 24an Komunikabideak etorkizuna ehuntzen izeneko jardunaldiak antolatu zituen Getxon, nazioarteko adituekin batera tokiko kazetaritzaren garrantziaz eta erronkez hausnartzeko. Soraluzetik Pil-pilean herri komunikabideko lau lankide joan ziren, Soraluzeko Udaleko ordezkariak lagun hartuta. 

Martxoaren 24an, Tokikomek tokiko komunikabideetako ordezkariak, EITBkoak eta nazioarteko adituak (BBC, LLA...) bildu zituen Getxon, Olatua gurutzaontzien terminalean, goiz osoa iraun zuten jardunaldietan. Hasteko, Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendariak, Amaia Agirre Getxoko Udaleko alkateak, bertoko Hiruka komunikazio-taldearen kudeatzaile Ziortza Merinok eta Bingen Zupiria Kultura Sailburuak hartu zuten hitza. Ondoren, Urko Aristi aurkezlearen gidaritzapean, gonbidatutako hizlariek kazetaritzarekin lotutako hainbat gairen inguruan jardun zuten: Erresuma Batuan BBCk bertako tokiko komunikabideekin elkarlanean jarduteko eratua duen Local News Partnership egitasmoaz, Norbegiako Tokiko Egunkarien Elkarte Nazionalak garatzen diharduen lankidetza estrategiez, EITBk eta Tokikomek elkarlanean datu-kazetaritza lantzeko abiatu duten Saretzen proiektuaz, kontsumo joera berriez eta adimen artifizialak kazetaritzan izan ditzakeen eta dagoeneko dituen funtzioez (ikus hitzaldiak osorik hemen). Umore puntua Pernan Goñi ilustratzaileak jarri zuen, goiz osoan zehar sortutako ilustrazioen bitartez jardunaldien kronika eman zuenean.    

Manifestua kataluniarrekin batera

Ekitaldian, Tokikomek Katalunia, Valentzia eta Balear Uharteetako tokiko eta eskualdeko komunikabideen elkarteekin batera landutako manifestua aurkeztu eta sinatu zuten. Manifestuak tokiko eta eskualdeko komunikabideen erronkak azaldu eta eskaera zuzena egin zien Espainiako Estatuko administrazioei: toki komunikabideak kontuan har ditzatela bai publizitatearen planifikazioan eta baita komunikabideentzako diru-laguntza deialdiak diseinatzeko orduan ere.

Aipatu herrialdeetako sei entitateek guztira tokiko eta eskualdeko 347 komunikabide batzen dituzte, sei milioi eta erdi lagunengana iristen direnak. Denen artean, 1.296 ordainpeko langile eta 2.213 kolaboratzaile dituzte, eta urtean ia 49 milioi euroko bolumen ekonomikoa osatzen dute.

Dokumentua sinatu duten hedabideetako ordezakriak, Getxon.

Honako hauek dira dokumentua sortu eta sinatu duten elkarteak:

  • Associació Catalana de Premsa Comarcal.
  • Associació de la Premsa Comarcal Valenciana.
  • Associació de Mitjans Digital de la Comunitat Valenciana.
  • Associació de Premsa Forana de Mallorca.
  • Associació de Premsa Local de Menorca.
  • TOKIKOM, Toki Komunikabideen Bateragunea.