Julian eta Martin Ezenarro: "Ahal den neurrian, mendi hau salbatu nahi dugu"

Ubane Madera Zangitu 2023ko api. 6a, 09:01

Julian, Kontxi eta Martin Ezenarro anai-arrebek Irukurutzeta Fundazioa osatu dute. "Ahal den neurrian, mendi hau salbatzea" dute helburu. “Ederra delako, sekulako ikuspegi galantak dituelako eta ondasun material eta immaterial handia duelako. Guk Historia asko maite dugu eta Euskal Herria askoz gehiago. Horregatik”.

Nondik nora dator Irukurutzeta Fundazioa?

Hasieran, gure helburua jende askok duena zen: lur batzuk erosi, aterpetxe edo bordatxo bat jaso, animalia batzuk eduki eta hantxe egon. Baina jendea pinuak botatzen hasi zenean, orain dela 11-12 urte, guregana etortzen hasi ziren lurrak eskaintzen eta aukera ikusi genuen mendi hau, gure neurrian, salbatzeko. Erosi eta erosi hasi ginen. Gero, lehengo 30 hektareak garbitu genituenean, pentsatu genuen bihar-etzi norbaitek zaindu beharko zuela hau guztiau, izan ere, gure atzetik inor ez dator, hona lanera gutxiago. Eta Elgoibarko notarioan testamentua egin genuen Soraluzeko, Elgoibarko eta Bergarako udalen mesedetan. 

Baina?

Denbora joan ahala, ikusi genuen konpromiso handia behar zela, udaletan pertsonak aldatzen joaten direla eta ez zegoela ziurtasunik inork zainduko zuenik hau. Eta burutik pasatu zitzaigun fundazio bat muntatzea. Bergarako gestoria bat hartu genuen eta ia bi urtean fundazioa muntatzen ibili ondoren, hiru tribunal pasatu eta onartu zuten. 

Tribunalak onartu behar du?

Bai. Guri adostasun osoa eman ziguten, euren esanetan, fundazioaren berezitasunarengatik; txikia delako, mendiarekin lotutakoa, halakorik ez delako inon… ez dakigu zergatik baina baietza eman ziguten. Baietzaz aparte, fundazioa muntatzeko, sarreran, gutxienez, 30.000 euro eman behar dira. Izaera juridikoa du, enpresa bat bezalakoa da. Guk esan genuen ez genuela jarriko dirurik, gure ondasuna baizik. Lurzati handi batzuk eta gure abereak jarri genituen. Lurrak eta animaliak baloratzera etorri ziren adituak; 93.000 euroko balorera iritsi zen. Onartu zuten. 

Hortaz, zein da zuen beharra?

Laguntza ekonomikoa. Neguan arazoa animaliak mantentzea izaten da, eta aurten udan izan den moduko lehortea tokatuz gero, jangai kontua joan da pikutara. Eta uda ona joan arren ere, neguan ez dago gauza handirik eta lagundu egin behar da, bereziki goikoei.

Goikoei?

Bai. Iriartetik Kirueta bueltara eta Mendotzeraino 13 animalia dauzkagu. Goenetxe eta Urkia Zelai inguruan beste 12. Haiei egunero lagundu behar zaie. Animaliek bakarrik ez dute jaten; gero, nahiz eta animaliek mendia garbitu, norbera ere joan behar da sasi-garbitzeko makinarekin garbitzen. Mendi hori urtean bizpahiru aldiz garbitzen dugu. Basoak ere baditugu eta entresakak ere egiten ditugu. Hau garbitu ezean, ota saila bihurtuko da. Karakatetik hasi eta Irukurutzetaraino, gain guztian ditugu lurrak eta San Andresko malda ia osoa. 43 hektarea guztira, (43 futbol zelai). Lur gehienak eta ederrenak Soraluzen daude, San Andres haranean. 

Zenbateko gastua duzue urtean?

7.000 bat euro erraz. Gehiena animaliak mantentzeko da, urritik martxoa-maiatzera arte jateko laguntza emateko. 25 zaldi eta asto bat dira, orain kumeak etorriko dira eta horiek denak gehitzen joaten dira. Gu sasi-garbitzeko makinarekin ibiliko gara, baina mendia garbi eduki eta bertan ibili nahi izanez gero, laguntza behar dugu, bazkideak behar ditugu.

Zelako laguntza?

Kide bakoitzak hilean edo urtean kopurutxo bat ipintzen badu, guretzat asko da. Ez dugu ipini gutxienekorik, bakoitzak nahi duena ipini dezala. Soraluzeko, Elgoibarko, Bergarako eta Azkoitiko 26 enpresatan ere eskatu dugu eta baita Udaletan ere, baina Udalak isil-isilik daude. Demaseko laguntasuna ematen ari dira, adibidez, Elay eta Soraluce. Bestalde, pentsatu beharko dugu, adinean aurrera goazela zeini traspasatu gure Fundazioa. (Fundazioko kide izan nahi duenak: ES. 33 3008 0169 5647 4641 3220; harremanetarako: 646 05 97 16).