Zein da zuzendaritza berriaren helburua?
Jubilatuak pozik edukitzea eta jendeak ekintza desberdinetan parte hartzea.
Udara bitartean zein ekintza dituzue pentsatuta?
Madrilera bidaia egingo dugu apirilean eta horrez aparte, ohiko ekintza nagusiekin segituko dugu. Adibidez, bingoa, martitzenetan. Ia 80 pertsona etortzen dira. Karta txapelketa jaietarako, gisatu lehiaketa urrian eta azaroan, 80 urtetik gorakoei omenaldia. 100 urtekoen omenaldian ere izaten gara, Udalarekin batera. Bestalde, jarduera fisikoari buruzko hitzaldia emango du laster Anje Eskarza kirol orientatzaileak.
Horrekin batera, zenbait tramite egiteko aholkularitza eskainiko dugu bazkideendako, adibidez, Imsersoko egiaztagiria egiten lagundu.
Bestalde, txango kulturalen bat egitea ere pentsatzen ari gara, maiatzean, ikusiko dugu ea irteten den.
Eta besteak beste, podologoak zerbitzua handituko du. Orain, hilean behin etortzen da elkartean arreta emateko 09:00etatik 19:00ak arte. Eta aurrerantzean etorriko da beste arratsalde batez, etxeetara joateko. Miren Ugarte oñatiarra da bera.
Azkenik, ile-apaintzailea egunero etortzen da, astelehenetan izan ezik. Eta aztertzen ari gara ea ile-apaintzaileak aukera izango luken etxeetara ere joateko.
Zenbat bazkide ditu elkarteak?
634 bazkide inguru ditu Itxaropenak; aurten 35 bazkide berrik eman dute izena urtea hasi denetik. Bazkide izateko baldintzak dira erretiratuta egotea edo pentsioduna izatea, 60 urtetik gorakoa. Kuota da 12 euro, hileko euro bat eta kontu korrontea eman beharra dago.