Greziara bidean

Ubane Madera Zangitu 2023ko mar. 29a, 09:15

Zaporeak-en kaxak udal langileen kotxera sartzen, astelehenean.

Zaporeak elkarteak bukatu du Debabarrenean abian izan duen elikagai bilketa, Greziako kanpalekuetako gatibuei otorduak emateko erabiliko dutena. Astelehenean eraman zituzten Soraluzen batutako 9 kaxak Eibarrera; han gordeko dituzte eskualdean batutako gainerako kaxekin, harik eta elikagaiak Greziara eramango dituen edukiontzira sartu arte. Oro har, iaz baino elikagai gutxiago batu da. Bestalde, jakinarazi dituzte errifen zenbaki irabazleak. 

Astelehenean, udal langileek Eibarrera eraman zituzten Soraluzen batutako arroz luzeko poltsez betetako kaxak. Han, Urkotronik enpresak Zaporeak elkarteari laga dion lokalean izango dute guztia gordeta, Greziarako edukiontzia gertu izan arte.

Datozen egunotan egingo dute aurtengo ekimenaren balorazioa, baina oro har, esan liteke iaz baino elikagai gutxiago batu dela aurten.

Bestalde, errifak ere saldu dira aurtengo bilketan, batutako elikagaiak Greziara bidali ahal izateko dirua ere behar baita. Errifen zozketa zapatuan egin zuten Ermuan, eta, honakoak dira zenbaki saridunak:

  • Sagarra jatetxean otordua eta Maite Zangituren artelana: 3968
  • Amatxi jatetxean otordua eta Angel Goenagaren artelana: 2817
  • Mendiola jatetxean otordua eta Cristina Azpiriren artelana: 2771
  • Casino jatetxean otordua eta Santi Entrenaren artelana: 3303
  • Belaustegi jatetxean otordua eta Esteban Orozen artelana: 0528
  • Kontent jatetxean otordua eta Elisabeth Egurenen artelana: 2275
  • Baratze jatetxean otordua eta Mauri Martinen artelana: 0148
  • Salegi jatetxean otordua eta Javier Allenderen artelana: 3276
  • Produktu sorta eta Esther Galartzaren artelana: 2826