Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Gelatik Plazara ekimena antolatu du estreinakoz, bertso eskolekin elkarlanean. 14 urtez azpiko ikasleei jendaurrean trebatzeko aukera emateko sortu dute ekimena, bai eta bertso eskoletako ikasleek elkar ezagutzeko aukera izan dezaten ere. Guztira 170 ikasle ari dira ekimenean parte hartzen, 2-3 lagunez osatutako taldeetan.
Ekimen horren barruan, atzo, elkar ezagutzeko aukera paregabea izan zuten Elgoibarko, Soraluzeko, Mutrikuko eta Mendaroko bertso eskoletako ikasleek Elgoibarko Kultur Etxean egin zuten saioan.
Elgoibarko eta Soraluzeko bertso eskoletako irakasle Eneko Beretxinagak egin zituen aurkezpen lanak, eta ondorengo lanak bete behar izan zituen talde bakoitzak: aurrez prestatutako agurra kantatu, puntuari erantzun koplatan (oina emanda batzuetan eta oinik eman gabe besteetan), gaia edo oina emanda kopla edo bertsoa osatu eta koplatan Alexander Idoieta edo Irune Basagoiti bertsolariei erantzun, gaia emanda.
Saioaren bukaeran talde guztiek jaso duten saria: serigrafiatutako botila bat eta diploma. Baina beste sari bana ere banatu zuten, bertso eskoletako irakasleen iritziz LHko eta DBHko talderik onenek jaso zutena. Saioa bukatzeko, mokadua ere izan zuten gaztetxoek. ARGAZKI BILDUMA