Martxoa hilabete gogorra ari da izaten Elizarentzat lapurretei dagokienez. Euskal Autonomia Erkidegoan, hiru ermitatan beste horrenbeste kanpai lapurtu dituzte. Azkena Soraluzeko Txurruka auzoko San Inaziokoan, joan den astean.
Bi egun lehenago, berriz, Elgetako Asentzioko ermitako kanpaia falta zela jabetu ziren hango auzotarrak. Eta aurreko asteburuan, Urduñako San Roman ermitako kanpaia lapurtu zuten.
Urduñako kasuan, Ertzaintzak 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuen. Furgoneta bat gidatzen ari zela geldiarazi zuten eta ibilgailuaren barruan aurkitu zuten San Roman ermitan lapurtutako kanpaia.
Hori bai, atxiloketa horren harira, Ertzaintzak jakinarazi zuen iazko abenduan beste eliza batean ere lapurtu zutela, kasu horretan, Erretes Tudelako (Araba) eliza batean. Han, Kaliza bat, hainbat tamainatako argimutilak, gurutze bat eta patena bat lapurtu zituzten.
Horrez aparte, gaur, komunikabideek jakinarazi dute Nafarroako hiru herritako elizetan, Melidan, Murillon eta Santacaran lapurretan egin dutela azken asteotan.