Egunotan, Pascual Churruca lantegiaren ondoko orubea garbitzen ibili dira, bertan egingo diren eraikuntza-lanetarako egokitzeko. Eguenean hasi ziren lanean eta atzo ia garbi zuten.
Eusko Jaurlaritzarekin 2021ean sinatutako hitzarmenaren bitartez, Soraluzeko Udalak Pascual Churruca lantegiaren orubea eman egin zion, bertan, Jaurlaritzak 29 etxebizitza eraikitzeko, 2.600 metro karratuko partzelan.
Alokairu sozialeko etxebizitzak izango dira, Alokabidek kudeatuko dituenak. Etxe berrien behe-barruak, berriz, Soraluzeko Udalak erabiltzeko izango dira. Horrez aparte, etxebizitzetatik lau Udalaren esku geldituko dira Olaldeko eremua garatzen denean bertako etxebizitza jabeei ostatu emateko.