Disgustu handia hartu dute San Inazio elkarteko bazkideek elkartean lapurretan egin dietela jakin dutenean. Astelehenean edo martitzenean, ez dakite seguru noiz gertatu zen lapurreta. Txurruka jatetxekoak atzo, eguena, jabetu ziren gertatutakoaz, bertara joan zirenean elkarteko balkoiko atea indarrez zabalduta eta kanpoan botila pila ikusi zituztenean.
Kanpaia eroan dute
“Lapurtu dute, batez ere alkohol botilak, telebista, olio botilak… baina min handiena eragin duena da ermitako kanpaia lapurtu izana. Kanpai historikoa da, ermita egin zenetik bertan zegoena eta erabiltzen zena, gainera”, kontatu dute bazkideek.
Azaldu dutenez, elkartera balkoitik sartu ziren lapurrak, barruan bodegako atea eta armairuetakoak errebentatu egin zituzten eta batez ere, edariak lapurtu zituzten; ermitan, berriz, kanpaia eroan dute. Kanpaia 1957. urtean auzotarrek San Inazioko ermita eraiki zuten urtean ipinitakoa zen.