Errigora

Nafarroako olioa eta kontserbak eskatzeko epea zabalik martxoaren 29ra bitartean

Egoitz Unamuno 2023ko mar. 15a, 09:59

Udaberriko kanpainaren kartela.

Abian da Errigoraren udaberriko kanpaina eta herritarrek Nafarroa Erdialdeko eta Hegoaldeko olioa eta kontserbak eskatzeko aukera dute Errigoraren webgunean, martxoaren 29ra bitartean. 

Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina extra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak daude aukeran, eta aurtengo nobedadeak dira: arbendolak zurituta (almendrak), arroz integrala eta zenbait barazki kontserba (lekak, zerbak eta borrajak).

Produktuen kanpaina urtean behin egiten da, eta beraz, proposamena eskaera handiak egitea da, despentsa betetzeko, urte guztirako. Horregatik, olioa bost litroko bidoietan eskaintzen da, eta gainontzeko produktuak hamabi unitateko sortetan.

Non eskatu eta jaso daitezke?

Eskaerak online egin ahal izango dira martxoaren 29ra bitartean, eta ondoren herri edo eskualde bakoitzeko puntu zehatz batzuetan jaso ahal izango dira. Soraluzen, maiatzaren 12an, barikua, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean, Gaztetxean.

Errigora Balioak

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina bestela kontsumitzeko bide bat da, Errigora balioen arabera kontsumitzekoa, hain zuzen: bertako elikagaien alde eginez, euskara indartuz, auzolana bultzatuz eta ekoizpenean bidezko harremanak sustatuz.

Martxoaren 1ean aurkeztu zuten Errigora Balioak identifikatzailea, Errigoraren produktuak Errigoraren balioekin estuago lotzeko berme zigilua. Izan ere, Errigorak esan ohi duen bezala, "kontsumitzeko modua aldatuta, ekoizteko erak alda ditzakegu".