2016tik, Bizikletaz Adinik ez elkartearen eskutik, ibilaldi solidarioak egiten dituzte hainbat eskualdetan, batik bat, Donostialdean. Gidari boluntarioek lagunduta, trizikloak baliatuz egiten dituzte ibilaldiok.
Orain, trizikloan ibilaldiak egiteko aukera eskualde gehiagotara zabaltzeko hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Bizikletaz Adinik ez elkartearekin. Haren bitartez, Gipuzkoako 18 egoitza bisitatu eta trizikloan ibilaldiak egingo dituzte.
18 egoitzatan
Martxoaren 25ean hasiko dira irteerak, Zarauzko egoitzan. Ondoren, honako egoitzatan egingo dituzte: San Gabriel (Hondarribia), Gurutze Gorria (Irun), Jesusen Bihotza (Errenteria), Zorroaga (Donostia), Alai Etxe (Donostia), Berio (Donostia), San Pedro (Pasaia), Iurreamendi (Tolosa), Uzturre (Tolosa), San Jose (Ordizia), Txindoki (Lazkao), San Juan (Zestoa), Gisasola (Zestoa), Santa Ana (Zarautz), Egogain (Eibar), Mesedetako Ama (Soraluze), San Martin (Oñati), eta Jose Arana (Eskoriatza).
Ekimenaren aurkezpenean, Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu zuen triziklo horiek eta gidatzen dituztenek erakusten dituztela Gipuzkoako gizartearen “balio hoberenetakoak”, hala nola, “gizarte konpromisoa, errespetua eta belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko harremana, eta ingurumenarekin kontaktuan egotea”, gaineratuz, ekimena boluntario modura egiten dutela, “mugikortasuna, zahartze aktiboa, ingurunearekiko errespetua, osasuna eta pertsona ororen ongizatea” bultzatuz.
Bizikletaz Adinik Ez elkarteko presidente Begoña Callejak, berriz, gogorarazi zuen garrantzitsuena ez dela helmuga, baizik eta konpainia, sortzen diren harremanak, pertsonen arteko hurbilketa eta jarduerak sortzen duen ongizatea.
Bizi-kalitatea hobetzeko
Bizikletaz Adinik Ez elkarteak irteerak antolatzen eta koordinatzen dituzte “trizikloetan, boluntariotzaren bidez, esperientziak eta giza harremanak sortuz, betiere adinekoen eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin”.
Albiste osoa hemen klikatuta dago irakurgai.