Gaur, morez jantzi dituzte herriko saltoki eta taberna ugari, Martxoaren 8a den honekin bat eginez. Horrez aparte, Bizikaleren eskutik, saltoki eta taberna ugarik ateak itxiko dituzte iluntzeko mobilizazioak iraun bitartean.
Adibide batzuk jartzearren, itxita izango dira: Kooperatiba, Criado fruta-denda, Vidal fruta-denda, KLB, Mendizabal okindegia, Txoko taberna, Iñarra harategia, Arrano taberna, Bolia taberna, Okelia harategia, Txuritxu goxotegia, MGS aseguruak, Triskel belardenda, Belarrak belardenda, Benito Anaiak Altzariak, Todo a Cien eta Edurtza taberna.
Bestalde, Soraluzeko Udalak ere dei egin du iluntzeko mobilizaziora bertaratzeko, pankarta jarri du balkoian eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek aho batez honako adierazpen instituzionala kaleratu dute.
“Martxoaren 8aren ospakizunaren jatorria etsi ez zuten eta esplotazioaren, prekarietatearen eta eskubide politiko eta sozialen gabeziaren aurkako erresistentzia agertu zuten emakumeen borroka guztietan dago.
Martxoaren 8a data bat da erakusteko, alde batetik, emakumeok jasaten ditugun diskriminazio desberdinen iraunkortasuna eta, bestetik, errealitate bidegabe bat eraldatzeko elkartzeko dugun gaitasuna.
Emakume antolatuok sistema patriarkalaren alderdi oso kaltegarriak aldatzea lortu dugu, eta ideia feministek gizarte osoa busti dute. Feminismoa banaka bizitzeko eta kolektiboki borrokatzeko modu bat delako
Askotariko krisien egungo testuinguruan, gizarte-, ekonomia-, ingurumen- eta gobernantza-ereduak birplanteatu nahi dira, desberdintasun-aldeak murrizteko; izan ere, desberdintasun horiek handitu egin dira gizateriaren zati handi batentzat eta, batez ere, emakumeentzat.
Zainketen krisian murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik datoz, eta espazio desberdinetatik.
Behin baino gehiagotan esan dugu pandemiak agerian utzi duela feminismoak aspaldi aldarrikatzen zuena: bizitza kaltebera eta mendekoa da. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Krisia azaleratzeak batzuengan eragiten duen paralisiaren aurrean, mugimendu feministaren deiarekin bat egiten dugu. Diskurtso hutsalen aurrean, elkarlanerako eta sistema publikoa defendatzeko bideak ezartzeko eta eraikitzeko garaia da.
Martxoaren 8 honetan, emakumeen nazioarteko egunean, lehentasunezkoa da emakumeen lidergoak sustatzea, gobernantza feministaren eta lidergo partekatuaren eredu batetik abiatuta. Era berean, berdintasun arloan erabakiak hartzean, emakumeen parte-hartzea areagotzeko baldintzak sortzearen alde lan egin behar da. Emakumeen parte-hartzea ikuspegi askoz ere zabalago batetik ulertu behar da, ez bakarrik ikuspegi formal edo arauemailetik. Emakumeek erabakiguneetan parte hartzeko dituzten baldintzak aldatu behar ditugu.
Emakumeen parte-hartzearen alde lan egiteko, beharrezko da…
• Botere-espazioak partekatzea eta uzteak eragozten dituzten erresistentziei eta inertziei aurre egitea. Horretarako, kristalezko sabaiak hautsi behar dira, espazio guztietan, aniztasun osoan eta ikuspegi intersekzionalarekin emakumeen presentzia bermatuko duten neurriak ezarriz.
• Zaintza-lanen banaketa erantzunkidean aurrera guztiz egitea, justizia-printzipioa delako eta emakumeen gainkargak herritartasun osoa egikaritzea mugatzen duelako.
• Zaintza eta bestelako lan feminizatuen sektore profesionala prekarizatuak balioestea, eta sektore horri gizarte-balioa aitortzea, bere baldintzak hobetuz.
• Emakumeek lidergoetan duten konfiantza, sinesgarritasuna eta eragina mugatzen duten estereotipo eta aurreiritziei aurre egitea.
• Emakumeen aurkako indarkeria-mota guztiak desagerraraztea, baita emakumeen aurkako indarkeria politikoa ere.
• Lidergoan jarduteko praktikak eta moduak deseraikitzea, besteak beste, menderatzean oinarritutako eredu androzentrikoak, zaintzaren denborak eta erantzukizuna kontuan hartu gabe, emakumeen eta boteretik baztertutako beste kolektibo batzuen talentua eta jakintzak mesprezatuz, eta talde-lana ez baloratuz.
• Emakumeen eta nesken eskubideak ikuspegi intersekzionala, berritua, erradikala eta eraldatzailea duen agenda feministaren erdigunean jartzea, emakume horiek boterean duten bazterketa sistematikoari aurre egiteko eta desberdintasun-arrakalak murrizteko.
Horregatik, Soraluzeko Udalak, bere eskumenen eta aukeren esparruan, konpromiso hauek hartzen ditu:
- 1. Emakumeen lidergoa bultzatzea eta boterea berdintasunean gauzatzeko baldintzak erraztea.
- 2. Estamentu publiko eta pribatu guztietan emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzen duten politikak indartzea.
- 3. Emakumeen Etxeak edo Ahalduntze-eskolak sortzeko prozesu parte-hartzaileekin hastea, udalerri bakoitzaren beharretara egokituta.
- 4. Ahalduntze programak eta eskolak baliabide eta leku egokiez hornitzea.
- 5. Adinaren eta generoaren arabera bereizitako datuak sortzea, 1/2022 Legearen aginduak dakarrena kontuan hartuz, neskatilen, neska nerabeen eta emakumeen bizitzetan eragin zuzena izango duten politikak egiteko informazioa emateko
- 6. Politikan sartzen diren emakumeentzako ikaskuntza- eta ahalduntze-guneak antolatzea, emakume hautetsien arteko laguntza-, elkartasun- eta aliantza-sareen bidez, adibidez, Basqueskola Sarea, edo beste sare batzuk.
- 7. Zainketa-mahaia abian jartzea. Elkarrizketaren, diseinuaren eta estrategia publiko-komunitarioak abian jartzearen bidez zaintza-sistemari buruzko azterketa egiteko erabaki-gune bat.
- 8. Adinaren eta generoaren arabera bereizitako datuak sortzea, 1/2022 Legearen aginduak dakarrena kontuan hartuz, neskatilen, neska nerabeen eta emakumeen bizitzetan eragin zuzena izango duten politikak egiteko informazioa emateko.
- 9. EUDELeri eskatzea, indarkeria politikoari aurre egiteko protokoloak proposa ditzala, emakumeen partea hartzeari eta erabakitzeko gaitasunari buruzko ikerketa bultza dezala eta ordezkaritza orekatu baterantz egiten diren aurrerapenak babes ditzala.
- Azkenik, Udal honek dei egiten die herritarrei aktiboki parte har dezaten Soraluzeko 8M plataformak martxoaren 8rako (asteazkena) 18: 30ean Plaza Berrian antolatu duen mobilizazioan”.