Santa Ana kaleko udal biltegian egin zuten lapurreta, barikutik zapatura bitarteko gauean. Sarrailako bonbina apurtuta sartu ziren barrura eta bertan zegoen lanerako makinak lapurtu zituzten, beraz, balio ekonomiko handikoak. Kontuan hartuta makinak ez zirela txikiak, ustea da lapurrek autoren bat edo furgonetaren bat erabili behar izan zutela lapurreta egiteko.
Udaltzaingoak esandakoaren arabera, inguruko bizilagun guztiei galdetu diete ea zerbait entzun zuten. Gehienek ez zuten ezer entzun eta zerbait entzun zutenek pentsatu zuten zaborren kamioia zela zarataka zebilena.
Bestalde, atzo, astelehena, Atxuriko lokal batean sartzen saiatu zirela jabetu zen lokalaren jabea. Han ere sarraila apurtuta zegoen, baina ez dute lortu barrura sartzea. Susmoa da saiakera hori ere barikutik zapaturako gauean egin zutela.
Mendiolan atxilotu
Gau berean, Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen Mendiolako industrialdean. Goizaldeko lauretan auto barruan zegoen bikotea, hori poliziari susmagarria pentsatu zitzaion eta autoa arakatu zuten. Autoan obrako material mordoa aurkitu zuten. Poliziak uste du hura ere lapurtutakoa dela, baina ez zetorren bat Soraluzeko udal biltegian lapurtutakoarekin eta berez, bikotea ez zuten lapurretan harrapatu.
Bestalde, herenegun goizaldean, Ertzaintzak hiru gazte atxilotu zituen goizaldean Deban, merkataritza-establezimendu batean lapurreta egiteagatik eta bata Soraluzekoa da.
Bizilagun batek abisatu
Ertzaintzak helarazitako informazioaren arabera, goizaldeko hiruak baino lehentxeago, partikular batek SOS Deiak 112 zerbitzura deitu zuen, Debako denda batean kristal hautsien hotsa entzun duela esanez. Lekura hurbildu ziren agenteek bi gizon ikusi zituzten merkataritza-establezimendu batetik korrika ihesi, eta ez zieten jaramonik egin gelditzeko emandako aginduei.
Susmagarriak handik laster harrapatu eta atxilotu zituzten. Inguruan aparkatuta zegoen auto batean zain zuten hirugarren pertsona bat, emakume bat, ere atxilotu zuten. Ertzaintzaren esanetan, atxilotuei haxix eta marihuana kopuru txikiak atzeman dizkiete, eta zehapen administratiboa jarri diete, beraz.
Betalde, gazte horietako bat Eibarko eta Gernikako ertzain-etxeen mugapeetan egindako beste lapurreta batzuetan inplikatuta ote dagoen ikertzen ari dira.
Polizia-aurrekariak dituzten atxilotuak, 19 urtetik 26 urtera bitartekoak, agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte dagozkion eginbideak amaitutakoan.