Duela urte batzuk, "Zu zeinena zara? Zein etxetakua?" galdera arrunta zen herritarren artean. Familiek instituzio gisa indar handia zuten garaian, herritarrek familiaren izenaren arabera identifikatzen zuten elkar; hala, norbere izenaren edo abizenaren ordez, baserriaren izena edo kaleko etxearena erabiltzen zuten eta kalekoen kasuan, gainera, ohikoa zen familiako kide baten goitizena edo izena erabiltzea.
Kaleko familien goitizen bihurtu diren Plazentziako izenak jasotzen hasiz gero, ezin konta ahalako zerrenda osa liteke: Motxa, Molde, Bixarra, Kakua, Txanbua, Txakarra, Txergori, Meltxor, Turkua, Txitia, Tapurrio, Paldai, Tinterokua, Erregia, Kaxkurrio, Torre, Sanson, Txorixa, Herrero, Katolikua, Katapazenekua, Txaparro, Kanpainekuak, Zapateruanekuak, Barkillerua, Arratoia… Izen hauetako bakoitzaren atzean istorio bat dago, arruntagoa edo bitxiagoa, kasuaren arabera. Zenbait kasutan familiako kideek gogoratzen dute zein den izenaren jatorria eta beste zenbait kasutan, ostera, ez.
Azken urteotan, familia goitizenen erabilera apaldu egin da eta gutxi batzuk belaunaldi gazteagoetara igarotzea lortu badute ere, gehienak galduta daude edo belaunaldi zaharrenekin batera galduko dira. Herriko izaeraren adierazle politak direlakoan, Pil-pileanek herriko bost familiatako kideak batu ditu, euren testigantzak jaso eta ondorengo erreportajean aurkezteko.
MOTXA: "Motxa txistuari lotutako izena izan da"
Jose Frantzisko Basauri, basauritarren birraitita, elgetarra zen eta atzamar bat falta zuen. Arrazoi horregatik, bere garaian goitizena ipini zioten: Motxa. 1890ean, haren semea, Anastasio Basauri, Plazentziara etorri zen bizitzera "asto baten gainean bere propietate guztiekin" eta aldean ekarri zuen bere goitizena ere. Harrezkero, Plazentzian basauritarren familian jaio ziren belaunaldiek Motxa edo Motxanekua goitizena jaso zuten herentzian. Baita familiaren etxeak ere, Errabal kaleko 3. zenbakiak.
Jose Angel Basaurik Pil-pileani kontatu dionez, berari "gazte gaztetatik" deitu izan diote Motxa, baita bere arrebari eta beste hainbat senideri ere. “Herrian gehienek ez zuten ezagutuko goitizena nondik nora zetorren, baina guri gazte gaztetatik esan digute Motxa. Lehen gehiago, gaur egunean baino: "Orain ere, nire sasoiko jendeak horrelaxe deitzen digu baina gazteagoek apenas erabiltzen dute”.
Txistulari familia
Goitizenarekin sentitu izan duenaz galdetuta, Jose Angelek dio “harrotasuna” sentitu izan duela beti: “Gurea txistularien familia izan da, eta Motxa txistuarekin lotutako izena izan da herrian”. Lau belaunalditan zehar eutsi diote txistuari: “aita eta anaia txistulariak nituen, nik ere jardun dut, alabak ere bai eta orain lobak ere badihardu.”
Anekdota bat ere kontatu du txistuari lotua. “Motxaneko etxean ba ei zegoen txakur txiki bat. Behin, Eibar aldera joan eta galdu egin zen. Eta zer eta Eibarko txistulariek ondotik ezin kenduta erabili zuten. Txakurra ohitua zengoen etxean txistua entzuten, eta nonbait, soinua ezaguna egin eta hango txistulariengana hurreratu omen zen". Han jaso eta ekarri zuten gero etxera.
Eibarren ere bai
Eibarren ere ba omen zen Motxa goitizena zuen herritar bat: Pedro Basauri, Plazentziara bizitzera etorri zen Anastasio Basauriren anaia, “Pedrutxo torerua” esaten ziotena. Jose Angelek ezustean jakin zuen bere berri, berarekin topo egin zuen batean: “Behin Eibarren, topo egin nuen Pedrorekin, bera nor zen jakin gabe. Agurtzerakoan esan nion noizbait Plazentziara baldin bazetorren galdetzeko Motxanekoengatik eta orduan ezan zidan bera ere Motxa zela".
MOLDE: "Goitizena polboraren moduan zabaltzen zen"
XX. mendearen hasieran, Laureano Gallastegi Olalde osintxuarra (Moisesen aitita, Rafa eta Santosen birraitita) Plazentziara etorri zen bizi izatera, Elizburu kaleko etxebizitza batera. Etxe hura Ameriketara joan zen lehengusu batek oparitu omen zien Laureano eta bere andreari. Hala kontatu du Moises Gallastegik "Bere garaian, lehengusuari Ameriketarako billetea erosten lagundu zioten eta hark, bueltatu zenean, dirua ekarri zuen eta, emandako laguntzaren ordainetan, etxea erosi zien Elizburu kalean". Soraluzera bizitzera etorri zen familia hartako 11 seme-alaben arteko bat izan zen Juan Jose Gallastegi Urzelai, hain zuzen, Molde goitizena familia osora zabaldu zuen pertsona.
Pilota jotzeko “moldea”
Bitxia da Molde goitizenaren jatorria. Moisesek kontatu duenez, eta handik aurrera, Juan Joseri Molde goitizena ipini zioten”. Juan Jose gerra garaian hil zen gaixotasun batek erasanda, baina bere senideei Molde goitizenez deitzen jarraitu zieten; baita euren ondorengo batzuei ere. “Herri txikietan horixe pasatzen zen, gaitzizena ipini orduko, polboraren moduan zabaltzen zen”.
Gaur egun gutxiago
Gaur egun adin batetik gorako jendeak bakarrik erabiltzen du Molde goitizena. Moisesi betidanik deitu izan diote Molde. Rafaren kasuan jende gutxiagok: “Niri nire aitaren kuadrillakoek bakarrik esaten didate eta tarteka neuk Moisesen semeei”, dio barrez. Santosi, berriz, Molde deitu izan diote baina “gehiago Bixarra", amaren partetik jaso duen goitizenez. “Belaunaldi bakoitzak bere tituluak ipintzen ditu, lehen batzuk sortu ziren eta orain beste batzuk sortzen dituzte”, bota du sententzia Moisesek.
TXANBUA: "Txanbolin goitizenaren eboluzioa da Txanbua"
Elgetatik etorri zen Soraluzera Francisco Ormaetxea. Ofizioz abarketaria zen. Haren emaztea ere, Norverta Mamerta, elgetarra zen.
Izen ezohiko edo kurioso hori izanda, bere alabari Sofia Irene izen dotorea jarri zioten 1891n Soraluzen jaio zenean. Beste seme bat ere izan zuten, Ignacio, nagusitan Gabolats 8an Tornilleria Ormaecheako jabe izan zena.
Danbolin
Francisco Ormaetxea, abarketaria izateaz aparte, txistularia eta danbolin-jolea ere bazen. Inguruko herrietako jaietan ibiltzen zen txistua eta danbolina jotzen, eta, hortik Txanbolin goitizenarekin deitzen hasi zitzaizkion. Denborarekin horrela egin zen ezaguna.
Bestalde, haren alaba Sofia Irenek Aramaiotik etorritako Miguel Zubizarreta ezagutu zuen; hark Itsasoi baserrian pasa zuen denboraldi bat morroi bezala. Sofia Irene eta Miguel ezkondu egin ziren eta lau seme-alaba izan zituzten: Miguel, Martina (aurtengo azaroan 102 urte beteko dituena), Isabel eta Rosarito.
Txanbolinetik Txanbua
Miguel Zubizarretari, Txanbolin goitizenaren eboluzioarengatik, txanbua deitzen hasi zitzaion, eta ondoren, haren seme Ignaciori ere Txanbua esaten zioten. Gaur egun ere, horrela da ezaguna eta Ignacioren arreba Amaiak ere Amaia Txanbua darabil bere burua izendatzeko. Horrez gainera, txanbuatarrendako, Martina Zubizarreta bera ere bada Txanbua, txanbuatarren arteko nagusiena alde handiarekin.
Belaunaldi berriak ere bai
Belaunaldi berriagoetara etorrita, berriz, Ignacio Zubizarretaren seme-alabek ere badarabilte goitizinea eta herrian Ainhoa Txanbu eta Oier Txanbu modura dira ezagunak. Are gehiago, Ainhoaren seme nagusi Sugoiri ere zenbaitek Txanbua esaten diote.
Beraz, Txanbua goitizenak bizirik jarraitzen du oraindik Soraluzen.
KAKUA: "Izena baino gehiago erabiltzen dugu goitizena"
Kakuatarrek bi bertsio dituzte familiako goitizenaren jatorria azaltzeko, Angel Luis eta Eneka Ezenarro aita-alabak esplikatu dutenez.
Lehen bertsioaren jatorria aititak Angel Luisi kontatu zion: "Aitita Luis egunero joaten zen Gabolatseko gure etxetik Osintxura arrautza bila, han zuen oilategira. Behin, berarekin nindoala galdetu nion: nondik dator Kakua? Zera erantzun zidan: Nire aititari ere esaten zioten. Entzunda daukat, behin, senitarteko batek, menditik jaisten, etxe batera seinalatu eta esan zuela: begiratu ezazu leihora, han dago nire kakoa (leihoan bere senide bat zegoen). Kakoa da zuhaitz batek dituen bi adar berdin. Ondarroan, berriz, txalupak ekartzeko erabiltzen dute bi punta berdin dituen makila; horri ere kako esaten zaio".
Lehen bertsioan, beraz, familia bereko senideak lotzen ditu Kakua goitizenak.
Sudur-kakoa
Bigarren bertsioan, berriz, Kakua goitizenak sudurraren itxurarekin du lotura, Enekak entzunda duenez: "Senide batek zuelako sudurra gantxo (kako) modura, sudur-kakoa esaten zaio horri. Guk ez dugu halako sudurrik, baina familiako beste batzuek bai, eta nik entzunda dudanez, hortik etor liteke Kakua”.
Soraluzeko ezenarrotarrek, baina, sinesgarritasun handiagoa ematen diote lehen bertsioari, sustrai sakonagoak dituelako.
Osintxun
Lehen Kakuatarra izan zen Angel Luisen aititaren aita, eurek dakitela. Osintxukoa zen familia, bertako Urzelai baserrian du sustraia.
Gaur egun, Soraluzen eta Osintxun daude kakuatarrak: "Hiru gara Plazentzian eta beste lau Osintxun. Azpeitian bizi denari, etxera datorrenean, Kakua esaten diote, baina herritik kanpo ez", kontatu dute.
Izena baino gehiago
Plazentziatarrei dagokienez, harro darabilte goitizena: "Denerako erabiltzen dugu. Izena baino gehiago. Ni (Angel Luis) 14 urte nituenetik naiz Kakua. Nire aitari, berriz, behin Allegroko lagunek laban bat oparitu zioten eta han grabatu zioten KQA. Bestalde, Gabolatseko gure denda ere Kakua zen eta, gaur egunean ere, askok esaten dute oraindik: Kakuanera noa", dio Angel Luisek.
"Gu, berriz, (Beñat eta Eneka) umetan Kakutxiki ginen eta orain Kakua edo Kakuanekuak gara. Adibidez, nire urtebetetzea pasatu berri, Txurrukara deitu eta esan nuen: Eneka naiz, Kakuanekua. Edo bestela esaten dut Eneka Kakua naiz. Eta ama, Ana Mari Albisua, ezkondu aurretik zen Lesarri Kojuanekua baina ezkondu eta gero Ana Mari Kakuanekua zela esaten zuen. Ni harro sentitzen naiz goitizena erabiltzen. Sustraiekin lotuta jarraitzen dugula sentitzen dugu. Nire alaba Aneri ere Kakutxiki esaten diote. Nire lagunek, herriko jendeak, esaten diote horrela. Gazteek ez, ez oraindik, behintzat. Berak ere oraindik ez du erabiltzen, baina gustatzen zaio, barre egiten du. Ni ere beranduago hasi nintzen erabiltzen, nahiz eta umetatik Kakutxiki esan. Familiako Whatsapp taldearen izena ere kakuatarrak da".
TXORIXA: Txorixa Izagirre abizenari lotua ageri da
Rosalia Txorixa, Juanito Txorixa, Igone Txorixa, Jontxu Txorixa, Maria Dolores Txorixa, Mari Karmen Txorixa… Imanol, Veronica, Alex eta Juan Arsenioren zendutako senideen izenak dira, goitizenez deitu izan dietenak. Izan ere, Txorixa goitizenak historia luzea eta hedapen handia izan du herrian. "Garai batean abizenetik baino goitizenetik ezagutzen zen jendea. Nik gogoratzen dut lehen beti esaten nuela Maria Dolores Txorixan alaba nintzela eta amamak beti galdetzen zidala nire lagunak zeinenak ziren, eta nik zerrenda esaten niola: Nerea Motxanekua, Esther Maria Sansonena, Ezozi Egileor, Ainhoa Katapazenekua… Nire umeak jaio zirenean ere, akordatzen naiz zela esaten zidaten 'ikusi zelakuak diran txori txikixak!' ", kontatu du Veronicak. Juan Arsenioren aita Juan Martini ere Txorixa esaten zioten eta Alexen ama Igoneri ere bai. Imanolen birramamari ere bai, baina ez horrenbeste, eta bere ustez hori da “goitizenek gizonezkoengan indar gehiago izan dutelako emakumezkoengan baino”.
Izagirre abizena da amaraun horretako pertsona guztiak lotzen dituen haria. Imanolek laugarren abizena du, Veronicak eta Alexek bigarrena eta Juan Arseniok lehenengoa.
Hainbat teoria
Ostera, ez dago argi zein den Txorixa goitizenaren jatorria. Senideek teoria bat baino gehiago dute. Esaterako, Alexek etxean entzun du “bazegoela familian txoriak hazten zituen norbait eta hortik ipini ziotela gero izena”. Posibilitate bat da. Ostera, Juan Arseniok beste istorio bat jaso du: “Aitita Juanitok galeper bat zeukala balkoian eta jendea lanera zihoanean kantuan egiten zuela” baina Imanolek dioenez sorrera ezin liteke hori izan, jakin duenez, hamarraldi batzuk lehenago jaio zen bere birramona Rosaliari (Soraluze, 1864) dagoeneko Rosalia Txorixa esaten ziotelako.
Hirugarren aukera bat ere badago, Veronicak eta Imanolek jakin duten informazio bati lotua: “Lekeition ba ei dago baserri bat Txorixa izenekoa, eta bertako bizilagunei Txorixanekuak deitzen diete”, dena den, Imanolek zuhaitz genealogikoa aztertua du XVIII. mendera arte eta ez dute bilatu Lekeitiotik etorri zen inor.
Oraingoz, argi dagoen gauza bakarra da Txorixa goitizena Izagirre abizenari lotua ageri dela Plazentzian, duela ehun urte baino lehenagotik.
Herrian errotutako familia
Familiako goitizena izateak zer sentiarazten dien galdetuta, guztiak bat datoz Imanolek azaldu duenarekin: "Nere ustez, goitizenak adierazten du gurea herrian errotuta bizi izan den familia dela eta horrek familiakoentzat badu bere zera, noski". Veronicak gogoan du bere izebari ez ziola graziarik egiten goitizenez deitzeak eta kexatzen zenean bere ahizpak (Veronicaren amak) nola esaten zion: "Jesus neska horregaitik hasarretu? Badagonaz txarrauak guria baino, Arratoia ta...". Gaur egun, oso gutxi entzuten dute, "tarteka lagunen batek brometan".