Ukrainaren kontrako inbasioaren urteurrenaren harira, Kontzejupean elkartu ziren ukrainarren Soraluzeko gurasoak eta zenbait herritar.
Guztiek ere ondo gogoan dute iazko otsailaren 24a. "Hasieran, ez genuen pentsatzen gerrak horrenbeste iraungo zuenik; eurek ere ez zuten hori uste", dio Agustin Morok.
Soraluzen sei hilabetez errefuxiatuta izan ziren bederatzi ukrainar, haietatik zazpi irailean bueltatu ziren sorterrira. Gaur egun, urduri eta beldurrez bizi dira han. Mertxe Galarragaren alaba Inna Likarchuk-ek idatzitako azken mezuetako batean kontatzen duenez, joan den astean eskolak minaz beteta zeuden, baina orain garbi daude. Argindar falta da, berriz, arazo nagusietako bat orain; Ivankiven egunean ordubetez ematen diete, beste zenbait herritan hori ere ez.
Urduri eta beldurrez
Hala ere, normaltasunari eusten ahalegintzen dira: "Elena (Kobalenco) ia egunero lanera doa Kievera. Garraioan beldurrez joaten dira batzuetan; alarmak jotzen duenean, berriz, enpresako sotoan gordetzen dira, baina etxean daudela alarmak jotzen duenean… urduri eta beldurrez daude, batik bat, entzun dutelako egunotan, inbasioaren urteurrena dela-eta, egoera gogortu egingo dela. Sofia ere, normalean, eskolara doa, nagusiekin txandaka, eskola apurtuta dagoelako, eta, hotzez, argindarrik ez dutelako", kontatu du Morok.
Etorkizunari buruz, berriz, ez dute berbarik egiten, ezin dute, oraingoz ez dutelako etorkizunik ikusten.
Hemengo gurasoek, berriz, saminez bizi dute haien egoera. “Munduan gauza asko pasatzen dira eta erraz ahazten gara, baina hor daude. Urtebete pasatu da eta eurei aurpegiak ipintzean, kosta egiten da. Oso gogorra da”, dio Mertxe Galarragak. Plazan geratu dira, ukrainar-soraluzetarrak gogoan: Inna, Tania eta Sofia Likarchuk, Marina eta Eugeny Kalinski, Elena eta Sofia Kobalenco, Darina Fikelmon eta Anna Kobalenco.