Goizean abisatu diete Iratxo goxo-dendakoei biltegiko atea errebentatuta zutela. Biltegi ondoko atariaren barruko atea errebentatu dute oraingoan.
Emandako xehetasunen arabera, atearen sarraila indarrez zabaltzen ahalegindu dira, baina ezin izan dute. Orduan, atearen beheko partea kolpeka apurtu dute eta orduan bai, lortu dute atea zabaldu eta biltegira sartzea.
"Hau pasada bat da!"
Itziar Agirre ugazabak esandakoaren arabera, gauza gutxi zegoen biltegian, jostailu gutxi batzuk, besteak beste. Oraindik ez dakite zerbait eramatea lortu duten, polizia baitago lekua ikuskatzen. Dena den, Iratxoren ugazabak egoerarekiko frustrazioa partekatu du, “hau pasada bat da!”, dio. Izan ere, asteburuan bertan su eman zioten biltegiaren kanpoko Iratxoko litxarreria makinei.