"Zaporeak erronka solidarioa" planteatu dute eskualde osoan

Erredakzioa 2023ko ots. 15a, 10:44

Debabarreneko Zaporeak erronkaren aurkezpena egin zuten Untzagako jubilatu etxean, astelehenean. Eibar eta Ermuko sukaldari batzuen ekimenez abiatu zen ekimenak bosgarren urtea beteko du oraingoan eta aurten eskualdeko herri guztietara zabaldu dute.

Aurrekoetan bezala, aurten ere ere lekaleak, pasta eta arroza bilduko dituzte Debabarreneko herri guztietan, martxoaren 20tik 24ra, Grezian dauden errefuxiatuei jaten emateko (Soraluzen ere bai, Gaztetxean). Horrez gain, janaria bidaltzeko gastuei aurre egiteko, errifak ipiniko dituzte salgai eta, oraingoan, afari bakoitzarekin batera, Eibarko Artisten Elkarteko kideek doan eman duten artelan bat eramango du irabazleak.

Bestalde, Zaporeak elkarteari laguntzeko bazkideak behar dira eta, asmo horrekin, kanpaina abiatu dute. Bakoitzak nahi edo ahal duen kopuruarekin lagundu dezakeela nabarmendu dute, eta aportazio guztiak ongietorriak izango dira.

Euro baten truke bazkari duina

Gainera, euro baten truke bazkari duin bat eman dezaketela gogorarazi nahi diote jendeari. Bazkide egiteko bi aukera daude: banku transferentzia bitartez, aldizkako transferentzia egiteko agindua emanda (ES14 2095 5092 00 9115250322 edo ES71 3035 0103 88 1030035880) edo, bestela, www.zaporeak.eus webgunearen bitartez.