Aratusteetako egitaraua

Bertan dira Aratusteak

Ubane Madera Zangitu 2023ko ots. 15a, 09:25

Guztia gertu dago bertan diren Aratuste-jaietarako. Barikuan, eskola umeak izango dira jaiok estreinatzen lehenak, Euskal Aratusteak irudikatuz. 15:30ean abiatuko da kalejira. Iluntzean, berriz, dantzariek egingo dute kalejira. Zapatuari dagokionez, Lanbideak irudikatzen dituzten mozorroz beteko da Soraluze, Sutan txarangak zein Liskerrek girotuta eta mozorro lehiaketa ere izango da, noski. Azkenik, martitzenean, besteak beste, buruhandiak, dantza ikuskizuna eta Joselu Anayak izango dira giro-jartzaile.

Etzi, barikua, Plaentxi Eskolako ikasleak izango dira mozorrotzen lehenak, Euskal Aratusteen bueltan. 14:30ean eskolan argazkiak aterako dituzte, gelarik gela eta ondoren, eguraldia lagun, 15:30ean kalejira egingo dute, eskolatik abiatuta eta Zubi Nagusian bukatuz. Bertan irudikatuko dituzte Euskal Aratusteen dantzak. Eskolako jarduna amaitzeko, txokolatada izango dute.

Ondoren, 18:00etan, Urrats Dantza Taldeak antolatuta, adin guztietako dantzazaleek dantza-kalejira egingo dute, herriko musikariek lagunduta; Inauterietako dantzak, polkak, mutxikoak... dantzatuko dituzte.

Zapatuan lehiaketa, domekan bozketa

Zapatuari dagokionez, berriz, eguerdi partean hasiko da Aratuste giroa kalean, Sutan txarangak lagunduta. Horrekin batera, Lanbideak gaia oinarri duen mozorro lehiaketa egingo da egun guztian.

Parte hartzeko, 13:00etatik 20:00etara Kontzejupean jarriko den photocall-ean argazkia atera behar da eta 699868729 Whatsapp zenbakira bidali (argazkiak gauerdira arte jasoko dira). 

Argazkiok domeka 13:00etarako Plaentxia.eus atarian zintzilikatuta izango dira, orduantxe hasiko baita herritarren bozketa. Herritarren botoek %40ko balioa izango dute mozorro lehiaketan. Asteleheneko 13:00ak arte izango da botoa emateko aukera. Epaimahaiak martitzenean jakinaraziko du irabazleak zeintzuk diren, 20:00etan, erromeriaren atsedenaldian.

Zapatuko ekitaldiekin bukatzeko, berriz, gauean, Liskerrek joko du Plaza Zaharrean. 

Martitzenean dantzaldia, buruhandiak…

Azkenik, martitzenean, umeen koreografia erakustaldia egingo da kiroldegian 17:00etan, ostean buruhandiak eta gaiteroak irtengo dira eta azkenik, erromeria izango da Joselu Anayekin Plaza Zaharreko karpan. 

Segidan egitarau osoa ikusgai:

  • OTSAILAK 17, BARIKUA 
  • EUSKAL ARATUSTEAK 
  • 15:30 Haurren desfilea eta dantzak 
  • 16:30 Txokolate-jana 
  • 18:00 Dantzarien pasakallea

 

  • OTSAILAK 18, ZAPATUA 
  • ARATUSTE-ZAPATUA 
  • 13:00 Photocall-aren irekiera, kontzejupean 
  • 13:00 “Sutan” txaranga 
  • 18:00 Dantzaldia “Lisker” taldearekin, karpan

 

  • OTSAILAK 21, MARTITZENA 
  • ARATUSTE-MARTITZENA 
     
  • 17:00 Dantza-erakustaldia, kiroldegian 
     
  • 17:45 Gaitero eta buruhandiak 
     
  • 18:15 Dantzaldia “Joselu Anayak”-ekin, karpan 
     
  • 20:00 Mozorro-lehiaketako sariak, karpan