Elkarrizketa

"Oso gustuko dut Dolmenen Ibilbidea, horrexegatik bidali dut hurrengo liburuko sorgina ere hara gora"

Ubane Madera Zangitu 2023ko ots. 11a, 09:01

Jose Ramon Piñeiro bere azken bi liburuekin.

Soraluzen, Iratxon eskura daitezke Piñeirok argitaratu dituen liburu guztiak, baita azken biak ere: La lucha contra el mal sagako laugarren liburua den  La soberbia de Astaroth eta La Caja. Gainera, azken liburu horrekin Soraluzera ailegatu da Piñeiro eta bururatu ere, Dolmenen Ibilbidean bururatu zitzaion istorioa.

Soraluze eta Mutriku, biak azaltzen dira La Caja liburuan.

Bai; liburu guztiak Mutrikun hasten dira ni hangoa naizelako, eta oraingo liburuan Soraluze azaltzen da ni hemen bizi naizelako. Are gehiago, La caja-ren jarraipeneko sorgina Dolmenen Ibilbidean bizi da eta Aida ertzain protagonista soraluzetarra da. 

La Caja modu ez-ohikoan idatzi duzu, ezta?

Bai, online, eguneko kapitulu bat idatzi nuen. 

Zelan?

Wattpad web orrian. Han jendeak liburuak argitaratzen ditu eta politena da idatzi ahala irakurleen iritziak jasotzen direla. Wattpad ezagutu nuenean, han argitaratzea erabaki nuen eta neuk hartu nuen konpromisoa egunero kapitulu bat idazteko. Gero damutu egin nintzen. Lanetik irten eta askotan bakarrik pintxo bat jan eta idazten jarri behar izaten nuen berehala. Oso gogorra egin zitzaidan, baina agindua eman nuenez… 

Zelako harrera izan du?

Internetez (doan da Wattpad) 1.500 lagunek irakurri dute eta salmenta aldetik 233 bat ale saldu dira Internetez, gainerako salmenten berri ez daukat. Jendea zain egoten da, ez pentsa. Mezuak bidaltzen zizkidaten, eguneko kapituluaren eske. Orain, lantokian ere ari dira liburu eske.

La Caja-ko kontakizuna ez zen bertan bukatu; noizko haren jarraipena?

Hasita dago. Lehen kapitulua Errekalden hasten da, Baina hor geratzen da. Izan ere, ni jarraitzen nauten gehienak La caja-ren jarraipenaren zain daudenez, ezustekoa ematea erabaki eta La lucha contra el mal sagaren bosgarren liburua ateratzea erabaki dut lehenengo, beste batzuk haren zain daude eta istorio horrek ere bukatu beharra dauka. Oraingoz, La oscuridad de Azazel du izenburua, 2023an argitaratuko dut. 

Eta La Caja-ren bigarrena?

Hori ere aurten, 2023aren amaiera aldera.

Zelan bururatu zitzaizun?

Oso gustuko dut paseatzera joatea, bidegorrira edo Dolmenen Ibilbidera, bakarrik eta
podcast-ak entzuten. Behin, Santiago Camachoren podcast bat entzun nuen. Kontatzen
zuenez, planetan badaude zentral batzuk, irrati bidez, numerazio batzuk esaten; emititzen
duten beste guztia estatika da. Camachok dio kontu militarrak izango direla. Eta halako
numerazioren bat emititzeari lagaz gero, gerra batek eztanda egingo
zukeela dio. Hura entzuten bururatu zitzaidan La Caja. Batak ez du bestearekin zerikusirik, ,
baina horrela bururatu zitzaidan, Dolmenen Ibilbidean. Oso gustuko dut ibilbide hura,
bakea ematen dit. Horrexegatik bidali dut hurrengo liburuko sorgina ere hara gora.

Zergatik idazten duzu beti gaizkiari, hilketei, naturaz gaindiko gauzei buruz...

Joko handia ematen dutelako eta oso gustuko dudalako Stephen King, beldurrezko
pelikulak, poliziakoak, misterio liburuak... La Caja-ri, adibidez, misterioaz aparte, tonu
poliziakoa ematen ahalegindu nintzen, amaierako sorpresa eta guzti. Istorio bakarra
duen liburua idaztea oso zaila egiten zait. La Caja-n adibidez, gizon misteriotsua dago,
Otsifem, horrek du alde fantastikoarekin lotura, eta, beste alde batetik, daude hilketak.
Batarekin zein bestearekin joka zenezake.

Non eskura daitezke zure liburuak?

Guztiak daude Amazonen, paperean eta digitalean eta Iratxon. Eta La Caja dago
Amazonen, Iratxon eta Wattpad-en.