Viktoriano Etxabe: "Erabaki behar duenak erabakitzen badu emakumeak apaiztea edo apaizak ezkontzea, nik ez dut batere arazorik"

Ubane Madera Zangitu 2023ko ots. 3a, 09:11

Viktoriano Etxabe Aginagalde aldarean.

Viktoriano Etxabe Aginagalde (Itziarko Urain baserria, 1963), abuztuaren 24tik, San Bartolome egunetik da Elgoibarko parroko eta abuztuaren 28tik, berriz, Soraluzekoa. Elgoibarko abadetxea bazkaltzeko, siestarako eta arreta emateko erabiltzen ditu baina Arronan bizi da apaiz berria, familiarekin, oso pertsona "familiarra" dela azpimarratuta. Filosofian eta Teologian lizentziaduna da, laiko zela; erizaintzan diplomaduna ere bada, gaztetan ikasita. Baina “segituan konturatu nintzen hura ez zela niretzat, oso gogorra da. Baina ikuspegi berezia eman zidan” dio apaizak. Gainera, gaur egun, oraindik, harreman estua du haietako askorekin. (Elkarrizketaren bertsio luzea)

2002an sartu zen Donostiako Seminarioan. Han zegoela Antropologiako kurtsoetara jaisten zen. “Hori ikasi nuen gusturen. Han Jesus Mari Susperregi apaiza ezagutu nuen; oso aberasgarria zen eta da gizon honen ikuspegia”, esan du.

Bi herrietako parroko izateak zela eragingo dio eskaintzen duzun zerbitzuari?
Abaderik ez dago eta ahal den bezala moldatu beharko dugu. Beti ez nahi dugun eran, baina jendeak badaki ondo zer datorren eta jendeak oso ondo ulertzen du.

Zuk zeuk zela ikusten duzu egoera?
Zaila da.

Akaso emakumeei zirrikitua laga ezkero…
Ni neu moral aldetik anglikanoa naiz. Erabaki behar duenak erabakitzen badu emakumeak apaiztea edo apaizak ezkontzea, nik ez dut batere arazorik. Baina ondo ezagutzen ditugu eliza Evangeliko luterano alemana. Oso eliza serioa da teologia aldetik eta pertsonen formazio aldetik. Han dena ahal dute egin, baina guk baino apaiz izateko bokazio (apaiz/pastore izan nahi dutenak) gutxiago dute. Fedearen krisia dago.

"Ni neu moral aldetik anglikanoa naiz"

Nik baditu lagunak eliza anglikanoan. Ni apaiztu nintzen 2004ko abenduaren 26an eta hurrengo urtean nire lagun Anette egin zen pastore. Nik gustura parte hartzen dut haien otoitzetan, Evening Song. 

Fedearen krisia dago?
Bai, baina ez da oraingoa. Guk Jaungoiko ikusezin horren irudia egiten zaigu sinesgaitza, frantsesez demodè esaten dena. Mendebaldearentzako horrela gertatu zen. Judutarrekin ere horrela gertatu zen. Eta musulmanak ere hortik datoz. Hemengo gaztetxo askok ez dute sinisten. Identitate bezala erabiltzen dute batzuk, normala da. Baina Jaungoikoa esaten dugun hori krisian dago. Kuadrillan baditut pertsona onak, ni baino hobeak, nahiz eta sinistu nahi ezin dutenak sinistu.

Zergatik uste duzu izan daitekeela?
Nik oso gustuko dut ateo jendea irakurtzea. Ateismo modernoaren aita Richard Dawkins biologo ingelesa da. El espejismo de Dios obran munduko jainko eta jainkosen zerrenda azaltzen du (hinduak, erromatarrak, grekoak, egipziarrak…). Dawkinsek dio berak bakarrik esaten duela ez duela sinisten hemengo jainkoan, Jesukristorengan. Niri atentzio handia ematen dit Egiptok. Han oso etxean sentitzen naiz. Bueno, atzerritar ez naiz inon sentitzen.

Egipton zergatik?
Nahiko nuke hildakoan erraustu eta errautsen erdia bota Itziarren eta Arrona artean dagoen Andutz mendian. Nire familia (Etxabe) mendetan Andutz gora eta behera ibili baita. Eta errautsen beste erdia Egipton bota, Luxor eta Tebasen dagoen Karnak tenplu inguruan. Garai baten AmonRa zen. Hemen edo han, ni etxean nago.

Leku asko ezagututakoa zara…
Frantzian, adibidez, Paris erdia oso gustuko ditut. Egunak pasa ditut Louvre museoan; Londres, Dublin, Berlin, Perun hiru bat urte bizitakoa naiz… Oso interesgarria izan zen hainbat urtetan New Yorkera joatea. Hango Mendebaldeko Kostaldea oso gustuko dut: Boston, Harvard eta Yale unibertsitateak, New York… Hango gotzain, adibidez, izan zen Josu Iriondo Legazpiko semea.

"Azkeneko alkate Bloomberg-ek hartu zuen azken erabakietako bat izan zen Garmendia gotzainari plaza bat eskaintzea New Yorken"

Aurretik Lazkaoko baserritar baten semea, Garmendia Bronxeko gotzain izan zen. Azkeneko alkate Bloomberg-ek hartu zuen azken erabakietako bat izan zen Garmendiari plaza bat eskaintzea New Yorken. Han, bada herri berezi bat, garifunak; inork ez zekien han zeudenik, Garmendiak, berriz, bai. Haien hizkuntza bereziko berba batzuk ere erabiltzen zituen. Behin, diskoteka baten sute bat piztu zen, larrialdi irteerak itxita zeuden eta 150 garifuna edo gehiago hil ziren. Demaseko tragedia izan zen eta Garmendia gotzainak ipini zuen aurpegia, beste inork ez baitzekien garifunen berri eta New Yorken 150.000tik gora bizi ziren. Horregatik gero ipini zioten Garmendiaren izena plaza bati. Eta justu Garmendiaren ondorengoa da Jon Iriondo.

Hemengo gotzaina ere berria da…
Bai, hemen izan zen aurreko zapatu baten. Ez dut ezagutzen. Dena den, nik daukadan kortsea, Benedikto XVI.arekin eta Aita Frantziskorekin berbera da. Hori bai, eskertzen dira Aita Santuaren keinu xume horiek.  

Hizkuntzak ere asko dakizkizu.
Ni euskalduna naiz. Baina ezkontzak eta bataioak atzerritarrenak ere egiten ditut eta Erasmusi esker, denetik dago. Asko dira ingelesez, frantsesez, alemanieraz italieraz… Behin, Meagasen, bost hizkuntza erabili nituen ezkontza bat egiteko. Pupurria izan zen.

"Behin, Meagasen, bost hizkuntza erabili nituen ezkontza bat egiteko"

Zeu ezohiko adinean apaiztu zinen; hemen ere bada 50 urterekin apaizten ari den Mikel Santiago…
San Pablo berak esaten du: probatu ezazu denetik eta onenarekin geratu. Nik uste dut bizitza polita dela, Jaungoikoaren erregalu handi bat da, familia, herria, natura… Begiratu, ikusi zer dagoen eta sentitzen baduzu apaiz izan behar duzula, ba aurrera. Niretzat garrantzitsuena da asmatzea: ezkondu, ez ezkondu, apaiztu, ez apaiztu, hau edo beste egin… Asmatzea.

Zuk zeuk asmatu duzu?
Bai. Oso zoriontsua naiz.

Gabonetan, twitterren ezagun egin zinen elizan kalejira bat egitearren.
Giro berezia zen, pertsona karismatikoak zeuden, Agirre organoa jotzen… Errosa begiraleak esan zidan neu joanda ere, jendea ez zela mugitzen elizatik. Horrek poza ematen du. Niretzat Kristau fedea alaitasuna da. Gure Aita Santu Frantziskok ere ondo esaten du hori. Itxaropena, antropologikoki positiboa da.

Aldiz, orain dela bost urte ezagun egin zinen Gotzainari Hondarribitik kentzeko eskatu zeniolako…
Esperientzia nahiko gogorra izan zen niretzat. 2004an, diakono modura Legazpira bidali ninduten, niretzat hura zerua izan zen. 2014an esan zidaten Hondarribira joan behar nuela. Jendea, gehienbat oso jatorra, oso atsegina da. Baina Jasokundeko Amabirjinean gauzak asko berotu ziren eta 2018ko irailaren 8ko Alardea oso-oso bortitza izan zen. Irailaren 10ean, berriz, izaten da 1638ko asedioan hildakoen aldeko meza berezia.

"Batzuei min handiena egin ziena izan zen nik esatea horrenbeste urteko gatazkak leku guztietan sufrikarioa eragin duena, hau al da utzi behar dieguna jaiotzear dauden hondarribitarrei?"

Denak han zeuden eta nik esan nuen ba elkarrekin hitz egiteko ariketa egin behar zela; baina batzuei min handiena egin ziena izan zen nik esatea horrenbeste urteko gatazkak leku guztietan sufrikarioa eragin duena, hau al da utzi behar dieguna jaiotzear dauden hondarribitarrei? Arantza Urretabizkaiak ondo kontatzen du hor talka egiten duten ikuspegi biek. Gero, omenaldia egin zidaten eta saria eman Jaizkibel konpainiakoek (tradizionalak ez direnak). 

Elgoibar-Soraluze laugarren destinoa duzu apaiz modura. Azkena izango da?
Niretzat pozgarria izan zen hona etortzea; etxera hurbiltzea da: ilobak, arreba, ama… Ni ederki ibiltzen naiz nire lobarekin adibidez. Gainera Elgoibarko eta hemengo harrera oso ederrak izan ziren. Datozen sei urteotan hemendik ez nau mugituko ezta Jaungoikoak ere. Sei urterako daukat izendapena.